EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
1. SEKTOREA: DONOSTIA ... BAIONA AIZKARDI Mendizale Elkartea
3. ETAPA: SENPERE ... BAIONA VILLABONA
     
     
RESUMEN DEL RECORRIDO

Etapa honetan Lapurdi zeharkatuko dugu Hegotik Iparrera, Baiona hiribururaino. Baionak ez du inguruan mendirik, eta ohituta gauden biderik ez dugu erraz aurkituko. Senpere eta Baiona arteko bidea ahalik eta modurik zentzuzkoenean egin nahi dugu, hesituta dauden lurrak alde batera utziz; horretarako, batzuetan asfaltoa zanpatu beharko dugu, baina ahalik eta gehien bestelako bideetan barna ibiliko gara. Senpereko aintziratik abiatu (han egiten da, dakizuenez, Herri Urrats), eta Senpere nahiz Uztaritzeko basoak zeharkatuko ditugu; lur horietan ehiza asko egiten da, basurdetan nahiz usotan. Asfaltozko bide batera irtengo gara; bi aldeetan hesiturik dago. Inguru horietako muino bakarrera igoko gara, Santa Barbara gailurrera, eta hortik Errobi ibaiaren ertzera helduko gara, Arruntzan. Berriz ere asfalto gainean ibili beharko dugu, Baiona erdiraino.

Oharra
Ordutegiak ibilian neurturik daude, atsedenak kontuan izan gabe.


  Altuera Km Ordutegia  
         
SENPEREko URTEGIA 49 0 0:00  
Senpereko Oihana 143 3,6 0:50  
Arantzetakoborda 32 7,6 1:40  
Larreburua 79 9,0 2:00  
Hemerretziak 87 11,0 2:30  
Sta. Barbarako gaina 150 12,0 2:55  
Arruntza 47 13,6 3:20  
Portua 12 15,5 3:50  
Errobi Ibaia 5 17,4 4:15  
BAIONA 5 24,8 5:45  
         


IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
l SENPEREKO URTEGIA Altuera : 49m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m

Aintzirako urtegitik, autoak uzten diren lekutik, Iparraldera abiatuko gara, goialdeko etxeetara doan bidetik; Motxokoborda aldetik, ezkerrera, gurdibide batean gora igoko gara Iparraldera, arrasto horiei jarraituz. Laster, ezkerrera, Senperera doan arrasto horiko pista bat utzi, eta zuzen jarraituko dugu, Aurrerago, asfaltozko bide batera iritsiko gara; kanpinera doan bidea ezkerretara utzi, eta eskuinetik joko dugu D3 bideraino; bide horrek lotzen ditu Senpere eta Baiona. Bide horretan barna 300 bat metro egin, eta, Zuraideko bidegurutzean, baserri batzuetara doan asfaltozko pista bat hartuko dugu, zuzen; pista hori amaitzean, ardientzako bide zabal batera iristen da; lokatz asko egoten da, eta kontuz joan beharko dugu, hanka asko hondoratu gabe. Larrekogurutzea izeneko gune batera iritsi, eta 10 bat minutuan Xurienborda atsedentokira helduko gara; zurezko mahaiak daude, eta ohiko "picnic" egitekoak, D3 errepidearen ondo-ondoan.

l SENPEREKO OIHANA Altuera : 143m Distantzia : 43,6Km Ordutegia : 0h50m

Hortxe hasten da mugaldeko gailurren eta itsasoaren artean zabaltzen den baso-unea. Senpereko eta Uztaritzeko herri-basoak oso zabalak dira, fauna eta flora ugarikoak.

Errepidea zeharkatu eta Ipar-Mendebal aldera jarraituko dugu; eskuinetara pista bat agertuko zaigu, eta zurezko mahaiak dauden beste gune batera iritsiko gara; han borda bat dago, ehiztariek erabiltzen dutena. Zorua lurrezkoa duen pista horretan barna jarraituko dugu Iparralderantz, aldapa behera, usategien ondotik; argi ibiltzeko adierazten duten seinaleak daude. Beti eskuinera egingo dugu, basotik irten arte; gero, argindarraren kableen azpitik igaroko gara, eta aurrean agertuko zaigu Santa Barbarako gailurra, eguneko altuena; antena luze eta mehe bat dauka goienean. Alde guztietan baserriak ikusiko ditugu barreiaturik; Arbona, Arrangoitze eta Uztaritzeko auzoetakoak dira. Pistan aurrera jarraitu, eta laster beste bat hartuko dugu eskuinaldera; pixkanaka, errepide txiki bateraino jaitsiko gaitu; ezkerretara, Arantzetakoborda auzoa izango dugu gertu. Bidean eskuinera egin, aldapa gogor batean gora, bidegurutze bat ezkerretara utzi, eta Larretxuriara doan bidean barna D3 errepidera iritsiko gara, Arrangoitzeko Dornariette auzoaren parera, Larreburua baserritik gertu.

l LARREBURUA Altuera : 79m Distantzia : 9,0Km Ordutegia : 2h00m

Santa Barbara gailurra aurrez aurre izanda ere, ez daukagu biderik bertara zuzen igotzeko; inguruko lursail guztiak hesiturik daude, sarrera galarazten duten letreroekin: "Défense d'entrer. Propieté privé". Eskuineko bidea hartu beharko dugu 300 bat metrotan, eta gero ezkerrera jo Mentaberrikoborda bidegurutzean, beste 300 bat metro aurrera jarraitu, eta hurrengo bidegurutzean ezkerrera, D350 errepidean, Arruntza aldera. Kilometro batean bi bider 90º-ko bira eginez, Hemeretziak izeneko etxe-multzo batera iritsiko gara, handik ezkerrera jo eta, pista bat hartuz, 180º-ko bira egin eta Santa Barbarako bidea ikusiko dugu pintura horiz seinalaturik. Asfaltozko pista horretan aurrera segitu, baserri artean, eta asfaltorik gabeko pista batera iritsiko gara, eta hortik Santa Barbaraino.

p SANTA BARBARA Altuera : 150m Distantzia : 12,0Km Ordutegia : 2h55m

Gailur biribila da, eta handik ederki ikusten dira Larrun, Aiako Harriak eta Jaizkibel; inguru guztia ordekan dago. Itsasertza ez da ondo ikusten, mendia txiki samarra baita. Uztaritzen dago, eta gailurrean baseliza bat egon zen denbora luzean. Gaur egun, Iparraldera ikusten diren lursail guztiak pribatuak dira, eta hesiak ia gailurreraino iristen dira.

Arrasto horiak dituen bidea basoan barna gailurretik Ipar-Ekialdera badoa ere, badago pista zabal bat hesiaren alboan; arrasto horiko bidea ia ez da erabiltzen, eta leku batzuetan moztuta dago eta beste batzuetan hesituta, ehiztarientzat edo baserrietarako. Bi bide horietako edozein hartuta, uso-ehizarako postuen aldamenetik igaroko gara, eta tresna mekaniko bitxiak ikusteko aukera izango dugu. Kontuan izan, pistatik segitzen badugu, 500 bat metrora eskuinera jo behar dela, berriro arrasto horiei jarraitzeko; hortik asfaltozko pista batera iritsiko gara, Bustinkarrika izeneko baserri-multzo bateraino, Arruntza auzoan. Jaitsi, zubi batetik errepide nagusia zeharkatu eta Arruntzan sartuko gara, plaza (eta aldi berean frontoi) polit batean.

l ARRUNTZA Altuera : 47m Distantzia : 13,6Km Ordutegia : 3h20m

Uztaritzeko antzinako auzoa, 1233an Baionako urrezko liburua izenekoan aipatua. Portuako etxeei izen hori ipini zieten, izan ere haraino iristen baitziren gabarrak Errobi ibaian barna; gune horretan putzu handi samarra zegoen, errotentzako ura lortzeko ipinitako urtegiei esker.

Pilotaplaza ezkerretara utzi, eta Elizakobidea kalean barna joango gara, frontoiaren hormaren atzetik; 50 bat metrora, eskuineko kalea hartuko dugu, Kattokienea, amaieraraino, eliza ezkerretara uzten dugula. Kalearen amaieran, eskuinera joko dugu, Muskoenea Patarran barna, aldapa handian behera, arrasto horien atzetik. Behean, Uztaritzeko errepidera irtengo gara; ezkerrera jo, eta lurrezko pista batean sartuko gara, beti arrasto horien atzetik. Pista horretan barna, Antzara erreka inguruko lursail ederrak ikusiko ditugu, Portua bideko etxeetara iritsi arte. Ezkerrera jo, arrasto horiei jarraituz, gora doan kalea utzi, Errekaldea Bidetik jarraitu, eta eskuinetara lur landuak eta belazeak ikusiko ditugu. Bukaeran, eskuinera jo eta pista batean barrena joango gara, Errobi ibaiaren ertzeko asfaltozko pista batera iritsi arte.

l ERROBI IBAIA Altuera : 5m Distantzia : 17,4Km Ordutegia : 4h15m

Errobi ibaia (la Nive) Harpea leizean jaiotzen da, 950 metroko altueran, Behe eta Goi Nafarroaren artean, Errozate mendiaren magalean. Behe Nafarroa zeharkatu, beste ibai batzuen urak bildu, Bidarrai parean Lapurdin sartu, eta, Itsasu, Kanbo eta Uztaritzetik igarota, Baionara heltzen da, han Atturri ibaiarekin bat egiteko; handik Ozeano Atlantikora bide gutxi geratzen zaio.

Hortik Baionarainoko bidea egiteko, asfaltoa zanpatuz joan behar baitugu, zapatila erosoak janztea komeni zaigu. Errobi ibaiaren ertzetik jarraitu, haren bihurguneen inguruan, 7 bat kilometroan, autopista bat zeharkatu, eta berdin trenbidea azpitik, eta hiriguneko lore-baratzetara iritsiko gara, katedralaren ondora.

l BAIONA Altuera : 5m Distantzia : 24,8Km Ordutegia : 5h45m

Lapurdiko hiriburua. Jatorriz, erromatarren garaian, Lapurdum deitzen zioten, eta hortik datorkio izena lurraldeari. Baiona izena XI. mendean hartu zuen; badirudi etimologia euskalduna duela, ibai eta une lotzetik, Errobi eta Atturri ibaiak elkartzen diren gunea adieraziz; ibai ona etimologia ere eman izan dute.

Baiona latinizazioaren muga izan da lurralde akitaniarraren eta euskaldunaren artean. Goi Baionak, harresiz inguraturik, latina bereganatu zuen; Behe Baionak, aldiz, Lapurdi osoarekin batera, lehengo hizkuntzari eta ohiturei loturik jarraitu zuen. Muga horrek mendeetan iraun du, giza taldeen arteko banaketa eta liskar gogorrak ekarriz. Hiriburua alde batekoen eta bestekoen esku egon izan da, hala Nafarroako erregeen esku, nola frankoen esku, eta baita ingelesen esku ere (Rikardo Lehoi Bihotza erregea Akitaniako duke izan zen).Itsasora zabalik dagoen hiria da Baiona. Baionaren alderik tipikoena eskuinetara daukagu, Errobi ibaiaren beste aldean; hantxe dago Baiona Ttipia, bere kale esku Erdi Arokoekin; bertan denda gutxi baina taberna asko dago.