EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
4. SEKTOREA: MAULE ... IRUŅA AIZKARDI Mendizale Elkartea
5. ETAPA: BURGI ... IRUNBERRI VILLABONA
     
     

IBILBIDEAREN LABURPENA


Honako etapa hau, gehienbatean, Erronkariko Errege Abelbidean zehar igaroko da. Burgitik abiatu eta Arandari harana zeharkatuz, Coronas gaineko abelbidea hartuko dugu. Bide horretan barrena, Illoneko mendiak igaroko ditugu, eta gero Gazteluberriko errepidera jaitsiko gara, berriro Rasos de Lando deritzan gainera igotzeko, Leireko mendietatik gertu. Abelbidea utzi, eta Arbaiuneko arroilara jaitsiko gara; arroilaren azken zatia egingo dugu, horman ebakitako bide ikusgarri batean zehar. Arroilatik irten eta gero, pista luze bat hartuko dugu, Irunberriraino.

Oharra
Ipini ditugun orduak ibil-denborei dagozkie, atsedenak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia        
               
BURGI 629 0 0:00        
Las Coronas mendatea 960 4,0 1:10        
Ollateko lepoa 1080 6,0 1:50        
La Tejería 750 10,0 3:00        
Rasos de Lando 1105 15,5 4:30        
Arbaiungo Kaneleta 600 20,0 5:45        
IRUNBERRI 465 30,0 8:00        
               



IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
lBURGI Altuera : 629m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Nafarroako ekialde muturrean dagoen herria dugu Burgi, Zaragoza probintziarekin mugan. Iritsi baino 200 metro lehenago, herria ikusten dela, ezkerrera hartu behar da bide bat, ibilbide laburreko PR markatzen duena, zuriz eta berdez; handik barrena, errepidetik irtenda, Arandariko amildegira joango gara, bide estu batean zehar, haitz artean, errepidearen parean.
Bideak ipar-mendebalderantz jotzen du haranean zehar, ia igo gabe, teilaturik gabeko borda batera heldu arte. Bideak atzera Burgirantz egiten du; aurrerantz, berriz, haranak jarraitzen du. Guk, ordea, ezkerrera jo, eta Arandari erreka zeharkatuko dugu, belaze zabal bat ezkerretara utzi, eta mendebaldean dagoen maldari ekingo diogu, argi elektrikoaren zurezko zutabe batzuei jarraituz. Segituan arrasto zuri-gorriak aurkituko ditugu, Erronkariarren Abelbidearen zati batenak, GR-13. Bideak argindarraren zutabeak jarraitzen ditu, Coronas mendateraino. Hasierako malda gogorraren ondoren, bidea samurragoa da, eta gainik gain doa, baso bateraino; han, zutabeak utzi, eta mendateraino igotzen da

][ LAS CORONAS MENDATEA Altuera : 960m Distantzia : 4,0Km Ordutegia : 1h10m

Nabaskoze eta Burgi lotzen dituen errepidea igarotzen den mendatea, Zaraitzu eta Erronkari haranen artean. Puntu horretan Erronkariarren Errege Abelbidea topatuko dugu; Bidankozetik dator bidea, Sierra Alta-ko basoak igarota. Erronkariarren Errege Abelbidea, ardiak-eta eramateko bide garrantzitsua da, milaka urtetik hona (Nafarroan abeltzaintzak 5000 urte baino gehiago omen du). Bidea Erronkariko udako larreetan barna igarotzen da, eta baita Errege Bardeatatik ere; horietan pasatzen dute negua artaldeek, 150 km-ko bidea eginda.

Mendatetik, ezkerrera joko dugu, hegoaldera, abelbide zabalean barna, ehizalekuen artetik, eta txoriak ikusteko behatoki baten ondotik. Oso bide entzutetsua izanik ere, arrasto erakusle gutxi dauka. Ezkerretara bide bat utzi, eta eskuinera joko dugu, zelai zabal batera iritsi arte. Atzean Pirinioaren ikuspegi zabala dugu. Aurrez doan bideak Ollate edo Borregil (1400 m) gainera eramaten du. Bide hori utzi, eta eskuinera joko dugu, bide belazetsuan barrena, Ollate ipintzen duen egurrezko bide-seinale bati jarraituz, Llanos de Legaroz izenekora iritsi arte. Zelai zabalak daude han, eta bertan Legarozko trikuharria, seinaleak dituen pista batetik gertu (GR markarik ez du baina); handik joko dugu, eta, ia batere igo gabe, Ollateko zelaietara iritsiko gara; harrizko itxitura batek itxiko digu bidea. Ezkerretik jo eta, hesi bat igarota, Ollateko lepora iritsiko gara, eta han berriz arrasto zuri-gorriak agertuko zaizkigu.

][ OLLATEKO LEPOA Altuera : 1080m Distantzia : 6,0Km Ordutegia : 1h50m

Illon mendietan dagoen lepoa da. Gailurrik altuena Ollate da, gure ezkerretara; ekialdetik mendebaldera hedatzen da, Erronkariko oihanetik hasi eta Romanzado haraneko Aizpurgi haitzartera iritsi arte, tartean Illon eta S. Kiriko gailurrak dituela. Mendi horiek gogorrak dira zeharkatzeko, sasi ugari baitago; bideak ia erabat galduta daude. Lepotik, aurrealdean Leireko mendi-lerroa daukagu, Illonen paralelo; gailur nagusia, Arangoiti (1356m), Leireko monasterioaren gainean dago, hain zuzen ere.Malda gogorrean behera jaitsiko gara, bide harritsuan barrena, hegoaldera. Erdi parean, bidea eskuinetara doa; sastraka artean, haranera gerturatuko gara. Azkenik, sail batzuk zeharkatuta, Salvatierra de Eska eta Bigotzari (Bigüezal) lotzen dituen errepidera

lLA TEJERIA Altuera : 750m Distantzia : 10,0Km Ordutegia : 3h00m

Castillo-Nuevo izen hori lehen zeukan gazteluarengatik da. Gaztelu estrategikoa zen, Erronkariarren eta aragoarren arteko borroketan. Fernando Katolikoak suntsitu zuen, Nafarroa bereganatu eta laster.

Errepidea zeharkatu, eta abelbidetik ekingo diogu; seinale batek adierazten digunez, La Cerrada lepoa, Leireko mendi-lerroan, monasteriora igarotzeko bidea, bi ordura dago. Bideak behera egiten du pixka bat; hesi baten gainetik igaro, eta eskuinera igoko gara, mendiaren gerrira, hego-mendebaldera, belaze batean pista bat ikusi arte. Ez da pista hartu behar, mendebaldera jo baizik. Argi joan behar da; izan ere, markak oso noizbehinka baitaude, eta ia ez baitira ikusten. Eskuinetik jarraitu, bide erosoan, zuhaitz artean, argigune batzuk ere igaroz, azkenean basotik irten arte; pista zuri baten amaiera ikusiko dugu; autoentzat prestatua dago pista hori (Bigotzarin seinalatzen duenez, abeltzainentzat eta basozainentzat bakarrik da). Pistan aurrera jo, mendebalderantz, eta bi kilometro pasatuta, leku zabal batera helduko gara, non pista errepide asfaltatu bihurtzen baita; Rasos de Lando deituriko lekuan gaude.

l RASOS DE LANDO Altuera : 1105m Distantzia : 15,5Km Ordutegia : 4h30m

Bigotzariko udalerriarena da leku hori. Erronkariarren Errege Abelbidea, GR-13, hego-mendebalera doa, Leireko mendietara igotzeko, Cerrada izeneko lepora; leku estua da hura, eta hantxe zenbatzen zuten artaldea artzainek. Handik, bidea Leireko Monasteriora jaisten da, eta Errege Bardeetaraino doa. Mendi horiek muga garrantzitsua izan dira, hala geografikoa nola historikoa eta politikoa, Nafarroako iparraren eta hegoaren artean.

Bide hori utzi eta basoan sartuko gara, bidearen ondotik, mendebalderantz, gero bide txikietan behera jaisteko, oihanaren hondoraino. Arrasto hori batzuk ikusiko ditugu, eta behera jarraituko dugu, bide zabal bat aurkitu arte; bide hori haranaren behealdean barrena doa, eta Bigotzaritik Arangoiti gaineraino (Leireko mendi-lerroan) daraman errepidera eramango gaitu. Puntu horretara Los Rasos-eko bidetik ere irits daiteke (bidegurutzeraino jaitsi, eta Arangoitira doan errepidea ezkerrera hartu, puntu berera iristeko). Puntu horretatik errepideari jarraituko diogu 200 bat metroan, eta ezkerrera egiten duen bihurgune batean, aurrean bide zabal bat ikusiko dugu, arrasto horiz seinalatua (zuhaitzetan ere badaude letra batzuk).

Bide horrek Valdelaco sakana zeharkatzen du, pixkanaka jaitsiz zuhaitz artean. Aurrerago, ezkerretara bide bat utzi, eta behera jarraituko dugu, bide belartsuan. Basotik irtetean, Arbaiuneko arroilaren horma bertikalak ikus ditzakegu; bidea harritsua bihurtzen da, eta malda gogorra hartzen du, bide estu bihurtuz. Ezkerretara beste bide bat utzi, eta maldan behera jarraituko dugu, ekialdeko horman zehar doan kanalaleta zeharkatu arte.

l ARBAIUNGO KANALETA Altuera : 600m Distantzia : 20,0Km Ordutegia : 5h45m

Arbaiungo arroila Zaraitzu ibaiak egindako haitzarte bat da, Romanzado haranean zehar. Iparretik Hegora dator, 6 km-ko luzeran, eta irteeran bi beso ditu, 4 km-ko zabaleran. Ekialdeko hormaren erditik ubide bat egina dago, Fuente de la Canaleta urgunetik abiatuta; Usun herritik hurbil amaitzen da ubide hori.

Kanaleta hori haitzartearen hormaren ondoan egina dago, eta kalanetaren eskuinaldetik bide estu bat doa. Eskuinerago, malda handi bat, sastrakaz estalia; ez digute arroilaren hondoa ikusten uzten. Bide estuan barrena goaz, argigune batera heldu arte; sastrakak beherago geratzen dira, eta lekua ikusgarria da. Gero, berriro sastraka artean jarraitu behar dugu; bidean ere badaude sastrakak, eta zati batzuetan kanaletaren gainetik jarraitu beharko dugu. Sastraka artetik berriro irtetean, pasabide zorabiagarri bat agertuko zaigu. Kanaleta horma bertikalean zulatuta dago, eta bidea haren eskuinetik doa, eta ondoan hormak behera egiten du ibairaino, 60 metro beherago; aurrean, beste aldeko horma daukagu, hurbil samar. Pasabidea, 20 bat metro luzekoa, kable batez hornitua dago, heltzeko xingola eta guzti.

Arroilaren irteera ikus dezakegu orain. Bidea berriro sastrakez ixten da, eta burdinazko ate batera iristen gara; zeharkatu, eta Usun herria ikusiko dugu ibaiaren beste aldean, eta beheraxeago zubi bat. Arrasto zuri-berdez markatutako bide bat topatuko dugu, kanaletara igotzeko; bide horretan behera jaitsiko gara ibairaino; zeharkatu gabe, S. Pedro ermitaraino jarraituko dugu, eta handik aurrera ibaia zeharkatu gabe beti; ezkerreko bidetik, lursailez inguraturik, pista batera iritsiko gara. Irunberriko etxeak bistan ditugu, baina pista luzea gertatzen da, beste ordubete inguru geratzen baitzaigu herriraino heltzeko.

lIRUNBERRI Altuera : 465m Distantzia : 30,0Km Ordutegia : 8h00m
Romanzado eta Aragoi haranen artean dagoen udalerria da Irunberri. Hantxe, Zaraitzu ibaiak bat egiten du Iratirekin, arroila bat osatuz, Irunberriko Arroila. Puntu horretan amaitzen da Leireko mendi-lerroa ere, Trinitate mendiko malkarretan. Inguru horretan erromatarren garaiko lekukotza ugari agertu dira; erromanizazio maila handiko lekua izan zela adierazten du horrek.