EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
4. SEKTOREA: MAULE ... IRUŅA AIZKARDI Mendizale Elkartea
6. ETAPA: IRUNBERRI ... URROTZ VILLABONA
     
     

IBILBIDEAREN LABURPENA


Etapa honetan bi mendi-lerro zeharkatuko ditugu, labore-soroz inguraturik, koloreen kontraste handiak ikusiz. Iruñerriko gailurrik garrantzitsuenera igoko gara, Itzaga gainera; horma handiz osaturik dago, eta Euskal Pirinioetako zaindari-lana egiten du, berebiziko ikuspegia eskainiz.

Oharra
Ipinitako orduak ibil-denborei dagozkie, atsedenaldiak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia        
               
TABARRE 509 0 0:00        
Sierra de Tabarre 784 2,0 0:40        
Zeligueta 660 8,0 2:15        
Peña Santa Agata 1208 12,0 3:35        
Peña Itzaga 1360 14,0 4:20        
Erreta 625 18,0 5:20        
URROTZ 526 23,5 6:30        
               



IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
lTABARRE Altuera : 509m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Irunberrik ez du mendebalerantz mendi-irtenbiderik. Tabarre herritik abiatuko gara, beraz, Irunberritik 4 kilometrora, Urraul Beheko haranean, izen bereko mendi-lerrotik hurbil; ez da Irunberritik ikusten, muino bat baitago tartean. Tabarre etxe gutxiko herri txiki bat da, eta denak elizaren inguruan daude. Etxe horietako bat, XVII. mendean eraikia, museo baten kokaleku da; pinturak, eskulturak, dokumentu historikoak eta antzinako armak ikus daitezke bertan.

Herriko plazatik irtengo gara mendira, kale nagusitik; kalea amaitzean, pista bat hartu, ezkerrera jo, eta bide estu batean sartuko gara, aurrealdera. Bide hori, gero, lurrezko pista bihurtuko da, eta zeharka igoko da Tabarre mendialdera. Atzean utziko ditugu Irunberriko zelaiak, eta berehala iritsiko gara mendiaren gainaldera.

pSIERRA DE TABARRE Altuera : 784m Distantzia : 2,0Km Ordutegia : 0h40m

Aurrean, Itzagaondoa haraneko soroak ikusiko ditugu, eta Itzagako mendi garrantzitsua, berebiziko hormekin. Azpian, Indurain, Besolla eta Zeligueta herriak daude; harantz joango gara.

Tabarre gaina, 791 m, eskuinetara dago. Hura utzi, eta pista bat hartuko dugu hego-mendebalderantz, mendiaren gainaldetik. Eskuinetara jaisten den pista berri bat utzi, eta argi-indarraren zutabe baten ondora iritsiko gara. Gainaldea utzi, eta behera abiatuko gara, argi-indarraren zutabeen lerroan; laster, bide horrek beherantz Besolla aldera egitean, bide estu bat ikusiko dugu ezkerretara, Mendi Handiko basora doana. Bide hori batzuetan zikin samarra egoten da; mendiaren gerrian barrena doa, eta beste aldean pista bat aurkitzen da, Besolla herrira doana. Bide hori hartu, eta mendiaren lepora helduko gara; handik Loitiko mendatea ikusiko dugu, nahiko gertu, Ibargoiti haranean, Iruñea Huescarekin lotzen duen bidean. Aurrean, mendatearen gainetik; Izko mendi-lerroa ikusiko dugu, aerogeneradorez beterik; haize-errota horien bidez argi-indarra lortzen da.

Mendi-lepoan, pisten bidegurutze bat ikusiko dugu; eskuinera jo, ipar-mendebalera, eta soro batean zehar joango gara. Eskuinetara ehizaleku batzuk ikusiko ditugu, eta eskailera bat haietara igotzeko. Muinoetako belardietan barna jarraituko dugu, hesiaren ondotik; Olatz izeneko leku batetik igaroko gara, aurrean Itzagako mendiak ditugula, eta haien oinean Zeliguetako soroak. Beste hesi batera iritsiko gara; ezkerretara pasatzeko leku bat aurkituko dugu eta beste bide bat ikusiko dugu, iparraldera doana. Laster ikusiko dugu Txalet Zuria, Zeliguetako jaurerrikoa. Bideak zuzenean pista batera jaitsiko gaitu; Izkotik dator pista hori, ezkerretatik, eta, eskuinera jota, Zeligueta, Gergitiain eta Indurain herrietara iristen da.

Eskuinera, pistan zehar jarraituko dugu, kilometro bat eta erdi eginez; eskuinera egiten duen bihurgune batean, beste pista bat ikusiko dugu, Zeliguetara iristeko bide laburragoa.

l ZELIGUETA Altuera : 660m Distantzia : 8,0Km Ordutegia : 2h15m

Zeligueta herria etxe talde batek eta dorretxe handi batek osatzen dute; muino baten gainean daude, eta han dago Sagrario ermita ere. Zeligueta Ibargoiti haranaren parte da, Izaga mendiaren hegoaldean. Garai batean, Zeliguetako jaurerria osatzen zuen alde horrek.

Dorretxe handira joango gara; gero, eskuineko bidea hartu, soroen artean, Itzaga mendira joateko mendiarte baterantz. Laster, hesi bat pasatuko dugu eta pinu-baso batera sartuko gara, gorantz. Ezkerretara jaisten den bide bat alde batera utzi, eta eskuinera jarraituko dugu, goraka, pista bat topatu arte; pista hori Zeliguetatik gora dator. Pista hartu eta ezkerrera egingo dugu; lokatz ugari aurkituko dugu, azienda asko igarotzen baita handik. Pista sigi-saga doa aurrera; bidegurutze batzuk utzi, aurrera ezkerretara eta gero eskuinetara jo, eta mendiartean barneratuko gara. Beste aldean, beste pista bat ikusiko dugu, Sengariz herritik hegoaldera igotzen dena; gure pista haren ondora hurbilduko da, eta parez pare jarraituko dugu. Gure bidea zuzen-zuzen doa mendiartearen gainaldera; han gainean, larre zabalak ikusiko ditugu.

Itzagako lehen gainaren azpian gaude, bidegurutze batean. Eskuinera joz gero, Gergitiain gaineko hormen gainaldera joaten da. Ezkerretara, bi bide dauzkagu; haietatik joanez gero, mendia inguratzen da. Guk, ordea, aurrera joko dugu, aurrean dugun hormarantz, bide argirik gabe, sastraka artean dauden soilguneak aprobetxatuz. Pixkanaka gora igo, hormaren gaina jomugatzat hartuta, eta bide bat aurkituko dugu, sigi-saga gailurrera eramango gaituena.

pPEÑA SANTA AGATA Altuera : 1208m Distantzia : 12,0Km Ordutegia : 3h35m

Itzagako mendietako lehen gailurra da; ingurura ikuspegi ederrak daude: behean, labore-soroak, urtean zehar kolorez aldatzen joaten direnak. Urrunean, Euskal Herriko eta Aragoiko Pirinioetako gailurrik altuenak. Alboan, Gongolatzeko mendiak, Izagaondoa haranaren ondoan, eta Elomendiko mendiak edo Higa de Monreal deritzana, Ibargoiti haranaren ondoan.

Gailurretik behera abiatuko gara, garbi ikusten ez den bide batean zehar (harri pilez markatua dago), han gertu dagoen mendi-leporaino; handik, gainik gain jarraituz, bide harritsu batean zehar, hurrengo gailurrera igoko gara (Ganbellas du izena). Mendi-lerroaren gainetik goaz, eta bi aldeetara baso itxiak ikus ditzakegu. Gainik gain, harri pilen seinaleei jarraituz joango gara, eta hala iritsiko gara gailur nagusira.

pPEÑA ITZAGA Altuera : 1360m Distantzia : 14,0Km Ordutegia : 4h20m

Izen bereko mendi-lerroaren gailur nagusia. Ikuspegia Iruñeko ordekaraino iristen da, eta han urrunean Andiako eta Aralarko mendi-lerroak ikus ditzakegu, ipar-mendebaldera.

Gailurretik, gainik gain abiatuko gara behera, eta laster iritsiko gara San Migel baselizara; han ospatzen da maiatzaren hirugarren igandean, urtero, erromeria bat, eta inguruko herrietako jendea joaten da, Idotzin, Zuazu, Erreta eta Ardanatzetik. Pista bat ikusiko dugu, Zuazutik gora datorrena, baina ez dugu hortik joko, baizik eta harri pilez seinalatutako bide bat. Gainik gain, baso txiki batera sartuko gara. Haitz-hormaren gainean dagoen balkoi batera iritsiko gara, eta bideak ezkerrera egingo du beherantz, malda arinez, harkaitzetara iritsi arte; handik aurrera, sigi-saga jarraituko dugu, horma igarotzeko. Bidegurutze bat topatuko dugu basoan, Ardanaz eta Erreta herrietara joateko bideak seinalatzen dituena. Erreta aldera jo, ezkerrera, eta malda gogorrean behera jarraituko dugu bidea, sigi-saga beti ere, asko jaitsiz. Basoan zehar jarraitzen dugu, eta une batean bideak aurrera egiten du, baina guk eskuinera joko dugu, beste bide zabal bat hartzeko, ezkerretara jaistearren. Bide hori pista handi batera iristen da, eta handik Erreta herria ikusten da eskuinetara, eta Zuazu ezkerretara.

l ERRETA Altuera : 625m Distantzia : 18,0Km Ordutegia : 5h20m

Izagaondoa haraneko herrixka bat da, etxalde handiz osatua.

Herria eta errepidea zeharkatu, eta aurrean pista bat topatuko dugu, soroetan barrena doana. Pistan zehar jarraitu, eta berehala ikusiko dugu bidegurutze bat ezkerretara. Ezkerreko pista hartu, eta handik beste pista batera joango gara (Zuazutik dator pista hori). Eskuinera jo, eta bide zelaian zehar joango gara, Mendinueta jaurerriko etxe abandonatuetaraino. Bideak aurrera egiten du, Urroz herriraino.

Errepidera iritsi aurretik, Nafarroako ubidea ikusiko dugu; urak eramateko lan handi bat da, Nafarroako Gobernuak egina. Proiektu handi baten parte da, Itoitzeko urtegiko urak Pitillas eta Ablitas herrietaraino eramateko, Ebro ibaiaren beste alderaino hain zuzen, 177 kilometroan zehar.

lURROTZ Altuera : 526m Distantzia : 23,5Km Ordutegia : 6h30m
Untziti, Izagaondoa, Lizoain eta Longida haranen elkargunean dagoen herria da Urrotz, Gongolatz mendi-lerroko Sangibel mendiaren oinean. Elizaren inguruan bildutako etxe multzo interesgarri bat dauka, erdian plaza handi batekin; plaza hori lauki itxurakoa da, eta lore-baratzeak dauzka.