EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
4. SEKTOREA: MAULE ... IRUŅEA AIZKARDI Mendizale Elkartea
7. ETAPA: URROTZ ... IRUÑEA VILLABONA
     
     

IBILBIDEAREN LABURPENA


Sektore honetako azken etapak Iruñaraino eramango gaitu. Urrotzetik irten, eta mendi-lerro bat hartuko dugu, Idoaten barrena, hiriburuko ekialdean Aranguren harana inguratuz dagoen beste mendi-lerro bateraino. Mendi-lerroaren erdi parean gailurrik gorenena harrapatu, Irulegi, eta iparraldeko mendiak zeharkatuko ditugu; Sierra Morena deitzen diote alde horri. Muturreraino joan, ordekara jaitsi, eta hirirainoko azken kilometroak ibiliko ditugu.

Oharra
Ordutegiak ibil-denborei dagozkie, atsedenak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia        
               
URROTZ 526 0 0:00        
Idoate 610 3,5 1:00        
Irulegi 893 7,0 2:00        
Tangorri 824 11,5 3:15        
Malkaitz 772 13,0 3:35        
Badostain 490 17,5 5:00        
Mendillorri 465 19,5 5:35        
IRUÑEA 513 22,5 6:15        
               



IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
lURROTZ Altuera : 526m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Urrotz herriari begira, hego-mendebaldera, Argonga mendi-lerroa ikus dezakegu; Itzagaondoko soroetatik S. Migelen baselizaraino doa mendi-lerro hori, Lizoain haranaren gainean. Herriaren hegoaldeko sarreran abiatzen den pista bat hartu, eta mendi-lerroaren hasieraraino joango gara; antena bat ikusiko dugu bertan. Mendi-lerroan, pista antenaren eta ur-biltegi baten ondoan amaitzen da; eskuinetara bide estu bat abiatzen da, gainik gain, ipar-mendebalderantz. Ezkerretara soroak ikusiz egingo dugu aurrera. Idoateko eta Lizarragako soroak dira. Mendi-lepo batera iritsiko gara, eta eskuinetik datorren bide bat ikusiko dugu (Urrotzeko hilerritik dator). Aurrean, mendi-lerroak S. Migelen baselizaraino jarraitzen du, eta ezkerretara Idoatera doan bide bat ikusiko dugu; bide hori hartuko dugu.

lIDOATE Altuera : 610m Distantzia : 3,5Km Ordutegia : 1h00m

Itzagaondoa bailarako herri txiki bat da. Goialdean bi mendi dauzka Irigibel edo Lakidain (mendebaldean) eta S. Migel (iparraldean). Hegoaldean, berriz, soro zabalak, Lizarra herriarenekin batera. Ekialdean, Itzagako mendia eta harana daude.

Elizaren ondotik abiatzen den bide batek baseliza dagoen gailurreraino eramango gaitu; han, gainik gain joango gara, baso artean, Lakidain mendi-lepoan Iruñara doan bideraino. Bide hori hartu beharrean, Irulegi gailurrera igoko gara (inguruko garrantzitsuena da). Herritik hego-mendebalderantz doan pista bat hartuko dugu, Irulegi mendiaren hegoaldeko leporantz. Pista horrek Idoate eta Ilundain lotzen ditu, mendi-lerroaren beste aldean, Aranguren haranean; Milagro eta Aezkoaren arteko errege-mendibidea izan zen garai batean. Ordu erdi barru harrapatuko dugu lepoa; arrasto zuri-gorriak ikusiko ditugu (GR-220; Iruñerria inguratzen duena).

Ilundainera jaisten den pista utzi, eta iparraldera doazen arrastoak jarraituko ditugu, bide zabal batean; bidea estutu egiten da, eta baso batean sartu. Basotik irtetean, aldapa gogor bat dago; enbor batzuk daude, eskailera eginez, helduleku eta guzti. Gaina berehala hartuta, belaze berdeetan barrena joango gara, gainaldetik, garai batean gailurrean zegoen gazteluaren hondakinak topatu arte.

p IRULEGI Altuera : 893m Distantzia : 7,0Km Ordutegia : 2h00m

Gailurrean, aurrena ikusiko duguna da: garai bateko gazteluaren hondakinen multzoa; XV. mendean agindu zuten suntsitzeko. Orain, erpin geodesikoa dago ipinita. Alde guztietara begiratuta, alde handia ikusten da leku altuetako basoen eta behealdeko soroen artean. Iparraldean, behean, Lerroz herria ikusten da, oso gertu, Lizoain haranean. Hego-ekialdean, Itzagaondoa harana, erdian Itzaga gailurra duela; eta aurrerago Leireko mendi-lerroa dago, Arangoiti gailurrarekin. Hegoaldean, Higa de Monreal edo Elomendi deritzana, dotore ageri da; eta Tajonar alderaino doan mendi-lerroa. Mendebaldean, Aranguren harana, bere herri guztiekin eta Badoztain aintzirarekin; aurrerago, hiriburua, Iruñea. Ipar-mendebaldean, Aranguren mendi-lerroaren jarraipena ikus dezakegu; Sierra Morena ere esaten diote; handik barna jarraituko dugu Iruñaraino.

Iparraldera joko dugu, arrastodun bide batetik; laster hasiko gara maldan behera; enbor batzuk daude, eskailera moduan ipinita. Bidea baso batean sartzen da; han behera, iparraldeko mendi-lerrora iritsiko gara, eta soroak ikusiko ditugu. Iparralderantz beti, soroak zeharkatu, eta pinudi batean sartuko gara; bidea behera dator pixkanaka, ezkerrera. Pinuditik irtetean, beste bide bat ikusiko dugu, zabalagoa, eskuinetara doana, gorantz; hura hartuko dugu. Arrasto zuri-gorriak ikusiko ditugu tarteka. Bidea baso batean sartzen da, gainaldean dauden ehizaleku batzuen ondotik. Beste bide zabal bat topatuko dugu, eta eskuinera joko dugu handik, baina, aldapan eskuinetara dagoen bihurgune batean, irten egingo gara, eta bidezidor bat hartuko dugu, aurrean dagoen baso baterantz. Ehizaleku gehiago ikusiko ditugu; gain harritsu batean gora igo, eta La Facería izeneko punturik altuena hartuko dugu; handik behera, mendi-lepo bat jaitsiko dugu; pista batek zeharkatzen du.

Pista igaro, eta bide txiki bat ikusiko dugu; beste pista batekin elkartzen da. Handik jarraitu, pinu artean, eta beste mendi-lepo batera iritsiko gara; burdinazko hesi bat igaro, eta beste pista bat topatuko dugu eskuinetara, hurrengo mendi-bizkarrera igotzeko. Pisten bidegurutze batera iritsiko gara, eta ezkerrera joko dugu (lasterbide bat ere badago bidegurutzera iritsi aurretik). Pista gorantz doa; punturik altuenean, gutunontzi bat ikusiko dugu ehizaleku baten ondoan. Tangorri gailurra da.

pTANGORRI Altuera : 824m Distantzia : 11,5Km Ordutegia : 3h15m

Gailur horrek ez du gauza handirik esateko; pista baten erdian dago, eta pinudi batek inguruetako ikuspegia oztopatzen du.Ipar-mendebaldeko pista hartu, eta hurrengo mendi-lepora iritsiko gara. Portillo de S. Migel du izena. Ezkerretara doan pista bat ikusiko dugu; Ardanaz herrira doa. Pista zeharkatu, eta aurrean bide txiki bat ikusiko dugu, gailurraren lerroa jarraitzen duena; hori hartuko dugu, gaineraino; han, gutunontzia dago, eta Malkaitzeko erpin geodesikoa.

pMALKAITZ Altuera : 772m Distantzia : 13,0Km Ordutegia : 3h35m

Espiriku ere esaten diote gailur horri. Pinudi batek inguratzen du. Sierra Morenako azken gailurra da, eta Iruñerriko bailara ixten du hego-ekialdetik. Hiriburua oso gertu dago, eta oso-osoan ikus dezakegu, inguruko auzo eta herriak barne. Iparraldean, Egues harana.

Mendebaldera jaitsiko gara aldapa malkartsuan behera, bide estu belazetsu bat hartuta, beti hiriburua eta Gorraiz golf-zelaia (eskuinaldera pixka bat) aurrean ditugula. Ezkerretara, behean, Ardanatz herria dago; hara doan bidea alde batera utzi, eta golf-zelaitik datorren bide zabal bat hartuko dugu. Ezkerretara joango gara, Ardanatz aldera, baina berehala topatuko dugu Iruñako Bidea, eskuinetara, eta Aranguren haraneko errepidera eramango gaitu. Errepidea zeharkatu, eta asfaltozko pista bat hartuko dugu ezkerrera; kilometro pare bat eginda, Badoztain herrira iritsiko gara, soro artean.

l BADOSTAIN Altuera : 490m Distantzia : 17,5Km Ordutegia : 5h00m

Herria zeharkatuko dugu, eta ipar-mendebaldean pista bat ikusiko dugu, muino batzuetara doana; Irigarai izena dute. Pistan gora igoko gara, eta gotorleku batzuk ikusiko ditugu; haietatik ikusiko dugu orain arte Arangureneko mendietatik egin dugun bidea. Eraikinen artetik igaro, eta gainaldetik jarraituko dugu pistaz; amaieran, behera jarraituko dugu, Iruñako ekialdeko ingurabidea topatu arte. Zeharkatu, lur azpitik, eta Mendillorrira helduko gara. Biribilgune batean, lorategien artean doan bide bat hartuko dugu eskuinera; ezkerretara, Mendillorriko Baserri Jauregia daukagu. Gero, biribilgune handi batera helduko gara, hiriburura sartzeko. Aurrean dagoen kaletik jarraitu, eta Nafarroa Behereko ibilbidera irtengo gara. Kale hori hiriburuaren ardatza da; kilometro eta erdian hiriaren erdira eramango gaitu, harresietaraino, Baluarte kulturguneraino.

lIRUÑEA Altuera : 513m Distantzia : 22,5Km Ordutegia : 6h15m

Iruñea eta ingurua Nafarroaren igarogune dira; hegoalde lehorretik iparralde hezerako muga egiten du. Arga ibaiak zeharkatzen du alderik alde. Muinoz inguraturik dago, eta izarraren itxurako haranak daude inguruan, denak hiribururantz begira.

Baskoien bizigunerik garrantzitsuenaren gainean eraikia dago; antzinatik, handik igarotzen ziren Europara zihoazenak edo Europatik zetozenak, Pirinioak zeharkatuz. Ponpeio jeneral erromatarrak eraikiarazi zuen hiria leku berean, eta Pompaelo (edo Pompalion) izena ipini zioten. Hasierako hiri hartan bertako jendea bizi zen batik bat; gero, bi gune handi sortu ziren: Burgo de S. Cernin eta S. Nikolas; horietan merkatariak eta Santiobidera etorritako atzerritarrak bizi ziren. Herrien artean gerra asko izan ziren, mendeetan; XV. mendean, Iruñea hiria berriro osatu zen, hiru guneak batuta.

Iruñako erresuma VIII. mendean sortu zen, Eneko Aristaren agindupean; eragin handia izan zuen penintsulako erresuma kristauetan. Zortzi mende iraun zuen erresumak, tartean gerra askorekin; azkenean, Fernando Katolikoak bereganatu zuen, Gaztelako erresumaren mende ipintzeko 1521ean. Garai hartan gotorleku berriak egin ziren, egoera berriari eusteko; gaur egungo gotorlekua orduan egina da.