EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
5. SEKTOREA: IRUŅEA ... GASTEIZ AIZKARDI Mendizale Elkartea
2. ETAPA: OLLO ... UNANUE VILLABONA
     
     

IBILBIDEAREN LABURPENA


Etapa honetan Satrustegi eta San Donato mendiak alderik alde zeharkatuko ditugu; Pirinioaurrearen ardatz dira (Leiren hasi eta Gasteizen amaitzen da). Ollotik abiatuko gara; lehen gailurra igo (Gaztelu), eta Txurregira jarraituko dugu malda gogorrean gora; gero, gainik gain jarraituko dugu, Satrustegin barna. Berebiziko ikuspegiaz gozatuko dugu. Beriain gainera iritsi, eta Unanura jaitsiko gara, aldapa malkartsuan behera. Mendi handietako ibilbidea egin bagenu bezala sentituko gara.

Oharra
Ordutegiak ibil-denborei dagozkie, atsedenak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia        
               
OLLO 510 0 0:00        
Gaztelu 1001 4,0 1:10        
Olarregi Lepoa 840 5,0 1:30        
Txurregi 1125 6,0 1:50        
Satrustegi 1139 9,0 3:00        
Satrustegiko buzoia 1207 11,5 4:00        
Irañetako Portua 1273 12,5 4:20        
Beriain 1493 16,5 5:30        
UNANU 620 21,0 7:00        
               



IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
lOLLO Altuera : 510m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Ollo harana zirku natural bat da: Mortxeren hormek, Artetako ur-jaioguneak eta Goñiko mendiek inguratzen dute. Alde horretako herriak dira: Ultzurrun, Arteta, Senosiain, Ollo eta Iltzarbe. Ollotik abiatuko gara.

Txurregi gainera igotzeko bidea Iltzarbe herritik irteten da, Ipar-mendebaldera igotzen den pista bat hartuta. Ollotik ez dago igoera argirik gailurrera; hortaz, zelaian zehar joango gara Iltzarbeko pistaraino. Horretarako, plazatik irtengo gara, iparralderantz, abeltegi baterantz. Hesi bat zeharkatu eta berehala iritsiko gara bihurgune batera (ezkerretara jotzen du). Bihurgunea hartu, eta 50 bat metrora, pista utzi, eta zelaiz zelai joango gara, eskuinerantz, bide bat topatu arte; bide horrek harizti batera eramango gaitu, eta gero belaze batera. Norabide berean jarraitu, eta beste aldean lehengo bidearen jarraipena ikusiko dugu. Pixka bat igo, hesi bat zeharkatu, eta beste belaze batera iritsiko gara, Iltzarbetik datorren pistara iristeko gero, belazea zeharkatuta. Pistan ezkerrera joko dugu.

Pistak behera egiten du pixka bat; basoaren argiune batean beste hesi bat ikusiko dugu. Zeharkatu, eta arrasto hori batek Olarregiko mendi-lerrorako bidea erakutsiko digu. Aurrean, baso artetik Gaztelu gaina ere ikus dezakegu. Eskuinetara borda batzuk utzi, eta pistak gora egiten du, malda gogorrean, basotik irten arte. Gero, pistak eskuinera bihurgune zabal bat egiten du, Olarregiko gerrian barrena, Txurregi eta Gaztelu artean. Ezkerretara gorantz doazen arrasto horiak utzi, eta pistan aurrera jarraituko dugu. Gorago, pista berri bat ezkerretara utzi, eta aurrera egingo dugu, beste hesi bat topatu arte; hantxe amaitzen da pista. Gazteluren ekialdeko gailurrean gaude; behean, Arakil ibaia ikus dezakegu, Iza haranean zehar doala. Gora joko dugu, ezkerrera. Bestela, hesiaren ondotik, belazean aurrera eginez, lur harritsu eta belazetsu batean aurrera jo dezakegu. Berehala gara gainean; dorre biribil baten hondakinak ikusiko ditugu. Hark ematen dio izena gailurrari..

pGAZTELU Altuera : 1001m Distantzia : 4,0Km Ordutegia : 1h10m

Gasteiz Iruñearekin lotzen duen mendi-lerroaren punturik ekialdekoena da gailur hori. Mendi-lerro horrek Arabaren eta Nafarroaren zati handi bat hartzen du. Bertan daude Entzia, Urbasa, Andia eta Satrustegiko mendiak. Gailurretik Olzako harana ikus dezakegu, Iruñea aldera begiratuta; aurrean, Larraun harana, Bi Haizpeetatik abiatuta; mendebaldean, Arakil harana; Arakil eta Burundak osatzen dute Sakana. Ezkerretara, Satrustegiko mendiak dauzkagu; hortik barrena ibiliko gara. Eskuinetara, berriz, Arakilen beste aldean, Aralarreko mendiak hasten dira.

Hegoaldera begiratzen badugu, Txurregiko gaina ikusiko dugu; eta, mendebaldera, Olarregiko lepoa; horrantz abiatuko gara. Gailurra utzi, eta hegoaldera joko dugu malda gogorrean behera, mendi-lepo aldera. Jaitsi eta gero, mendi-lepora iritsiko gara, eta han putzu artifizial bat ikusiko dugu; ezkerretik inguratuko dugu, eta hurrengo muinoa ere ezkerretik inguratuko dugu, hegoaldetik, Olarregiko lepora iristeko; han, berriro arrasto horiak ikusiko ditugu, lehen pistan ikusi ditugunak.

][ OLARREGI LEPOA Altuera : 840m Distantzia : 5,0Km Ordutegia : 1h30m

Bi gailurren arteko lepoa da. Eskuinetara, Urrizola eta Ekai herriak ikusiko ditugu, Arakil haranean; ezkerretara, Iltzarbe eta Ollo harana. Aurrean, Txurregi gaina dugu; hara iristeko, aldapa gogorra igo behar dugu, belazean gora.

Aurrean dugunagatik kikildu gabe, zuzen-zuzen igoko gara gora, hesiaren ondotik. Zenbat eta gorago, are eta gogorragoa da malda; atsedenik hartzeko leku egokirik gabe, goraino iritsiko gara. Gailurreko postontzia eskuinetara dago, 50 bat metrora.

pTXURREGI Altuera : 1125m Distantzia : 6,0Km Ordutegia : 1h50m

Satrustegiko mendiak Andiakoen parte dira, Goñiko gaina tartean dela. Gaztelu gailurretik abiatu, eta Irañetako mendateraino iristen da Satrustegi, Beriaindik gertu. Txurregi da ekialdean daukan gailurra; gero, tartean Olarregiko lepoa dagoela, Gazteluko gailurra dago. Gailurretik garbi-garbi ikusten dira mendi-lerroak bereizten dituen haranak; hegoaldean, Olloko harana, eta, gorago, Goñikoa, Artetako iturriko hormak ezkerretan eta Goñiko gainak eskuinetara dituela; iparraldean, berriz, Arakil eta Sakana haranak, eta, haran horiek baino aurrerago, Aralarreko mendiak.

Satrustegiko lerro guztia zeharkatuko dugu, alderik alde; Txurregi gainetik ipar-mendebalderantz joko dugu, gainik gain, bide jakinik gabe. Ehun bat metrora, postontzi herdoildu bat ikusiko dugu, Txurregikoa. Zorua belarrez eta harriz estalia dago; harriak zeharka daude, eta ez da eroso ibiltzen haien artean. Lehen zati honetan, iparraldeko malda gogorrean barna joan gaitezke, bidezidor estu bati jarraituz. Gero, malda gogorragoa da, eta bidezidorra desagertu egiten da; harri artean jaitsi beharko dugu behera, hegoaldera. Laster sastraka artean jarraituko dugu, eta handik eta hemendik saihestuz jarraitu beharko dugu aurrera, beti ere ahalik eta gorenetik jarraituz. Batzuetan, nahi baino gehiago jaitsi beharko dugu hegoaldera, baina beti gainera itzuli behar dugu, ahal bezain laster. Iparraldea oso malkartsua da, kare-harriz osatua, gero eta altuera handiagoarekin. Behean, Sakana ikusten dugu. Aurrera eta aurrera, Satrustegiko erpin geodesikora iritsiko gara.

pSATRUSTEGI Altuera : 1139m Distantzia : 9,0Km Ordutegia : 3h00m

Mendi horretan ez da garbi ikusten zein ote den benetako gailurra. Hiru puntu hartzen dira aintzakotzat, horien artean erpin geodesikoa. Arakil aldera berebiziko ikuspegia dago, eta oso ondo ikusten dira haraneko herriak, Irurtzunetik hasita. Hego-mendebaldean, Andiako mendietako belazeak ikus ditzakegu, eta, aurrerago, Urbasako baso itxiak.

Orain arte egin dugun bidearen antzekoa aurkituko dugu aurrerantzean ere. Sastrakek asko zailduko digute gainik gain jarraitzea, eta hegoaldera jaitsi beharko dugu pixka bat. Berriro, gainaldera igota, harri pila bat ikusiko dugu, Satrustegi gaintzat jotzen den bigarren puntua; 1191 metroko altuera du. Harri-tarte batera jaitsiko gara, eta hesi baten gainetik igaroko gara; sastraka artean aurrera egin, eta zoru hobea topatuko dugu, Satrustegi gaintzat jotzen den hirugarren puntura iristeko.

p SATRUSTEGI'ko BUZOIA Altuera : 1207m Distantzia : 11,5Km Ordutegia : 4h00m

Postontzi batek azken puntu gorena seinalatzen digu, mendebaldean. Mendi-lerroaren amaiera hurbil daukagu; oso gertu ditugu Andiako mendietako belazeak; mendebaldean, Beriain (S. Donato) gailurra.

Gainik gain jarraituko dugu, belazean, lehen baino arinago. Muino leunak zanpatuko ditugu, hesi baten ondotik, iparraldeko malkarrak ondoan ditugula, eskuinetara. Aurrean daukagu Beriain gailurra. Iparraldean bide bat ikusiko dugu, haranetik gora sigi-saga datorrena; mendi-leporaino iristen da, eta han seinale-zutabe bat dago ipinita.

][ IRAÑETA'ko PORTUA Altuera : 1273m Distantzia : 12,5Km Ordutegia : 4h20m

Irañeta herritik (Satrustegiko mendien iparraldean) gora datorren bidetik San Donatora joateko, mendi-lepo horretatik igaro behar da. Hortik mendebalderantz, Beriain (S. Donato) gailurrean amaitzen den haran zintzilikatua hasten da; Hegoaldean, Leziza gaina dago. Mendi-lepoaren hegoaldean, Goñiko gainak haranari muga ipintzen diote, Olloko eta Goñiko haranekiko eta Andiako mendiekiko. Iparraldean, Aralarko mendiak dauzkagu, aurrez aurre, Artxueta gainarekin eta S. Migel in Excelsis santutegiarekin.

Haranean gora egingo dugu, belazean barrena, bide jakinik gabe, ipar-ekialderantz, haranaren punturik goreneraino. Erdibidean, Lezizatik datozen arrasto gorriak ikusiko ditugu; bide hori harri pilez seinalatua dago Beriain gailurreraino..

p BERIAIN Altuera : 1493m Distantzia : 16,5Km Ordutegia : 5h30m

Andiako mendien gailurrik gorenena da. Han, San Donatori eta San Kaietanori eskainitako baseliza ospetsua ikusiko dugu; aldi berean, aterpe ere bada. Mendizaleek eta inguruetako herrietakoen eraiki zuten 1958an. Ikuspegi zabala daude; iparraldera, Arakil eta Ergoiena; hegoaldera, Unanu eta Dorrao herriak, eta urrunxeago Lizarraga. Haien gainetik, Aralarko mendian iparraldean, eta Andia eta Urbasa hegoaldean.

Ipar-ekialdeko belazean behera abiatuko gara, Iurbaineko arrakala aldera (S. Donatoren Muturra ere deitzen diote); mendebaldean Arbizu herriaren gaineandauden amildegiei ematen zaizkie izen horiek. Pixkanakajaitsiko gara, belazean zehar, ia Muturreraino; harri pila batzuk ikusiko ditugu; haiek erakusten digute hegoaldera abiatzen den jaitsiera. Bide bat ikusiko dugu, eta harrizko maldan behera abiatuko gara: Unanu herriaren ikuspegi harrigarria dago hortik. Ezkerrera jo, eta malda gogorrean behera egingo dugu, belaze bateraino. Ekialdera, ezkerretara, Lezizako amildegia ikus dezakegu, eta, hegoaldera, S. Donatoren hormak. Mendi-lepo horretatik, mendebaldera egingo dugu, pagadi batean behera, arrasto hori batzuei jarraituz. Hesi batera iritsiko gara; ahal bezala igaro, eta behera jarraituko dugu, basotik irten arte; han pista bat topatuko dugu, bihurgune batean, eta bertan iturri bat. Pistan behera jarraitu, hesi bat igaro, eta Unanu herrira iritsiko gara.

lUNANU Altuera : 620m Distantzia : 21,0Km Ordutegia : 7h00m

Ergoiena haraneko udalerria osatzen du beste herri batzuekin batera: Dorrao, ezkerretara; Lizarraga, aurrez aurre, haranaren buru. Leku horretatik berebiziko ikuspegia da, bai Sakanarena, bai Ergoiena guztiarena; Lizarragako hormak eta San Adrian baseliza ikusten dira. Atzean, Iurbaineko arrakala eta S. Donato mendia.