EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
5. SEKTOREA: IRUŅEA ... GASTEIZ AIZKARDI Mendizale Elkartea
5. ETAPA: OLLOGOIEN ... ZUÑIGA VILLABONA
     
     
RESUMEN DEL RECORRIDO

Etapa honetan, Lokiz mendiaren bigarren zatia egingo dugu. Ollogoienen hasteak paraje zoragarri bat ezagutzeko aukera ematen digu, Ollobarren Zuloa alegia, eta mendia hegoaldetik iparraldera zuzen samar zeharkatzekoa. Corrales de Lander deritzan lekuan, Lana haranaren punturik altuenak joko ditugu, gainik gain, berriz ere amildegietara iristeko; haien ondotik joango gara gailur nagusiraino: Otzamendi. Jaisteko, Arabaren muga jarraituko dugu, amildegi estu batean behera, landare ugariren artean, Eztunigara bidean.

Oharra
Denbora atala ibil-denborei egokiturik dago, atsedenaldiak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia  
         
OLLOGOIEN 610 0 0:00  
Ollobarrengo Lezea 850 2,0 0:40  
Balsa de la Cruz de Hierro 930 5,5 1:30  
Corral del Lander 970 7,0 1:50  
Raso de Biloria 1051 8,5 2:20  
Zikilamendi gaina 1090 10,5 2:50  
Narkueko mendatea 1130 13,5 3:35  
Otzamendi (Monte Santo) 1258 17,0 4:30  
Arnaba 1255 17,5 4:40  
Mojón Largo mendatea 1009 21,5 5:30  
Beata Sis Baseliza 625 26,0 6:30  
ZUÑIGA 575 27,5 6:45  
         



DESCRIPCION DEL RECORRIDO
lOLLOGOIEN Altuera : 610m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m

Ollogoienetik Lokiz mendira iristeko, bi aukera ditugu: bata, Ollogoien mendatetik, Lana haranera bidean; bestea, Ollobarren Zuloa izeneko lekutik barrena; tunel natural bat da, kareharrian egina, Allin mendiaren amaieran. Hara iristeko, ipar eta ipar-ekialderantz zuzen jo dezakegu, malkar harritsu baterantz (Ollogoiendik ederki ikusten da); herriko jendeak "la cascajera" deitzen dio. Dena den, igoera ez da batere erosoa, eta hobe dugu Ollobarren herritik abiatzen den bidea hartzea.Beraz, Ollogoienen errepidea hartu, eta, azken etxea baino lehen, ezkerrera joko dugu, bide zabal batean barrena, ipar-ekialderantz, Ollobarren aldera. Herrira iritsi aurretik, bidegurutze bat topatuko dugu, La Chopera deritzana, eta han PR-184 bidezidorraren seinalea topatuko dugu. Ezkerrera jo, eta arrasto zuri-horiak ikusiko ditugu gorantz; alanbre-hesi batera iristean, "la cascajera" deritzan hori ikusiko dugu, malkar harritsua alegia. Harrizko hormetara gerturatzen ari gara, eta bidearen sigi-saga batean Ollobarren zulora sartuko gara; leizea 30 metro luze da, eta horma zeharkatzen du.

Bestaldean, harri handiko paraje bat ikusiko dugu, horma handien ondoan; leku ederra da benetan, Huerto de La Raposa izenekoa. Harrien artean aurrera, hormen ondotik gora, punturik altuenera iritsiko gara, Lokiz mendian; handik Ollogoien ikusten da, eta entzutetsuak diren boilur sailak ere bai.

Basoan barne, ipar-mendebalderantz jarraituko dugu, bidegurutze bateraino. Arrastoak aurrera doaz, Ollogoien mendatetik Lokizko Santio baselizara doan bidearekin bat egitera. Eskuineko bidea baselizara doa zuzenean, Sardegi gainaren ondotik igarota. Eskuinera joko dugu, bada, arrastoak utzita, baina hirurehun bat metrora bide zabal hori utzi eta basoan sartuko gara; mapetan bada bide bat, baina hasieran oso zaila da topatzea, batere zaindu gabe baitago baina laster zabalagoa bihurtzen da, eta baso itxian aurrera eramango gaitu, pista nagusiraino, zuzen-zuzen.

Pista zeharkatu, eta aurrera jarraituko dugu, bide zabal batean, landare ugariren artean (lehen bezain itxia ez da baina). Bihurgune bat kenduta, gainerakoa zuzen-zuzen doa, erregelaz egina balego bezala. Beste bide zabal bat zeharkatu, eta aurrera jarraitzen dugu. Bizkar soil batera igotzen da bidea, harri artean, eta kontuz ibili behar da ez galtzeko. Ikuspegia garbia da, eta aurrean (behean) Cruz de Hierro deritzan putzua ikusiko dugu; baina, hara iristeko, eskuinera hartu beharra daukagu, gero ezkerrera jaitsiera hobea izateko, inguruka.

Putzu ondoko bidegurutzetik eskuinera jo eta ipar-mendebaldera daukagun mendia inguratuko dugu; hor harizti bat dago, eta hariztian Santa Quiteria baseliza. Laster gara beste bidegurutze batean, El Haya de La Teja izeneko parajean; han, ezker-ezkerreko bidea hartu, ipar-mendebalderantz, eta Corrales de Lander izeneko paraje batera iritsiko gara.

Leku zelaia da, belazetsua, eta iparraldera ikuspegi ederra dago, Ameskoa harana eta San Martin herria aurrean ditugula, Ameskoako mugetako mendiaren gainean, hondoan Aizkorri mendiarekin. Hara iritsita, Barindanotik eta Aramendia mendatetik datorren bidearekin egingo dugu topo; hura ezkerrera hartu, ipar-mendebalderantz, eta Bagoandi zelaietara iritsiko gara. Putzuaren ondoan, gutxi gorabehera, eskuinetara, Raso de Biloria izeneko parajean dagoen erpina ikus dezakegu. Bidea utzi, eta gora egingo dugu zuzen, azkenean malda gogorrean, gailurra jo arte.

pRASO DE BILORIA Altuera : 1051m Distantzia : 8,5Km Ordutegia : 2h20m

Gailurrean zelai zabala dago, landare txikiz estalia; gorenean, erpin geodesiko bat ikusiko dugu. Ipar-ekialdera, Urederra haitzartea daukagu, Zudairen, eta Urbasa mendia. Ekialdera, Lokiz mendiko baso zabala; urrunean, mendi-bizkar bat ageri da, San Kosme gainarekin; eta eskuinerago, Sartzaleta gaina. Hegoaldean, Lana haranera jaisten den amildegia; urrunago, Azedo eta Kodes mendilerroa.

Hego-mendebaldera jaitsiko gara, basoak egiten duen arrastoan. Hurrengo mendi-lepoan, bizkarrera igo ordez, basoan barrura sartu, iparrerantz, eta, bidezidor batean aurrera, Mendibela zelaira helduko gara. Hura zeharkatu, berriro basoan sartu, eta, irtetean, Zikilamendiko muinoak ikus ditzakegu, etxola berde bat gorenean dutela. Behegune bat eskuinetik inguratu, eta, bizkarrera igota, etxolara iritsiko gara; suteak zaintzeko behagune bat da. Behean, ezkerretara, haranean, Ulibarri urtegia ikus dezakegu, eta izen bereko herrira doan bidea, lana haranean.

Ipar-mendebaldera jaitsi, Ramiroren ukuilu ondotik igaro, eta haranera sartuko gara; bide zabalean aurrera jarraitu, eta mendi-lepora hurbilduko gara, eta bide bat hartu ezkerrera. Mendebaldera, zuhaitzez estalitako Irasabela gailurrera; mendiko amildegien artean dago. Bizkarretik gertu, bidea hirutan banatzen da; ezkerrekoa hartuko dugu, pixkanaka gora. Bideak ezkerrera egiten du, amildegi aldera. Bide zabala basoaren ondoan utzi, eta bidezidor bat hartuko dugu ezkerrera, eta handik erraz iritsiko gara Narkue mendatera, amildegian bertan; izen bereko herrira joateko igarobide bat da, haranean. Hortik, bide estu bat abiatzen da, Hiru Haritzen Bidezidorra izenekoa, Otzamendi gailurrera doana (amildegien ertzetik); hasieran bidea atsegina bada ere, aurrerago landaredia sarria da, eta zail egiten da aurrera jarraitzea; jende asko doanerako ez da egokia.

Narkue mendatetik, basoan utzi dugun bide zabalera itzuliko gara berriro, eta han aurrera jarraituko dugu. Basotik irten, eta artaldeak ibiltzen diren paraje batera helduko gara; Bagozabala zelaietan gaude. Aurrerago, bideak behera egiten du; beste pagadi batera sartu, eta Otzamendi putzura helduko gara; Zilarte mendatearen ondoan dago, basoaren soilgune batean. Beste pixka bat gehiago jaitsiko gara, alanbre-hesi bat jo arte. Gainetik igaro, eta ezkerrera igoko gara, hegoalderantz, malkar batean gora, pagadi batean, bide jakinik gabe. Arrasto hori batzuk ikusten dira zuhaitzetan, eta haiei jarraituz behegune batera sartuko gara, malda gogorrean, akats handi batera iritsi arte. Orduan, basotik irtengo gara, belaze batera (Lana haranera ematen duen amildegi baten gainean dago). Otzamendi gaina eskuinetara dugu; erpin geodesiko bat eta gutunontzi zahar bat landare artean ezkutaturik daude.

pOTZAMENDI MONTE SANTO Altuera : 1258m Distantzia : 17,0Km Ordutegia : 4h30m

Lokiz mendiko gailurrik altuena da, eta izen bat baino gehiago ditu: Otzamendi, Monte Santo, eta Arnaba edo Ernaba. Punturik altuena bada ere, bada mendebalderago beste gutunontzi bat, Arnaba izenarekin; errazago iristen da hara. Hegoaldera, ikuspegi zabala dago, Lana haranaren gainean; Zuñiga, Kanpetzu eta Kodes mendia ere hortxe ikusten dira. Iparraldera, berriz, Arana ibarra ikusten da, eta Ameskoak, Urbasa eta Aizkorri mendiak.

Gailurretik jaisteko, mendebaldera jo eta basoan sartuko gara, harripila batzuen arrastoei jarraituz; gailurreko akatsa iparralderantz inguratuz, basotik irtengo gara, zelai zabal batera (Ernabako amildegiaren gainean dago, ezkerretara. Amildegiaren ertzetik jarraituko dugu, Arnabako gutunontzira iritsi arte. Handik, ikuspegia are hobea da.

Mendebalderantz jaitsiko gara, behegune batera, eta gero berriz gora, eta hego-mendebaldera joko dugu. Alanbre-hesi bat igaro, eta bide zabal batean behera jaitsiko gara, amildegien ondotik. Leku horretatik, Lana haranera ikuspegi osoa dago, eta Arnabako amildegiak ere eder ageri dira.

Lana harana Euskal Herriko txokorik ezkutuenetako bat da; oraindik ere ikazkinak aritzen diren leku bakarrenetakoa, Montxo ArmendarizenTasio filman ikusi genuenaren antzekoa.

Hegoaldera doazen amildegiak utzi, eta hego-mendebalderantz joko dugu, mendiaren bizkarrean behera, bide garbian. Aurrean, Aldako Gurutzea gailurreko antena handia ikus dezakegu. Ezkerretara, pagadi baten muga; hara joan behar dugu. Basotik irtetean, arrasto zuri-gorriak dituen bide bat ikusiko dugu; Mojon Largo deritzan bidea da. Ezkerrera jarraituko dugu bide horretatik. Bideak bihurgune handi bat egiten du, eskuinera itzultzeko eta Mojon Largo edo Berrabia izeneko mendi-lepora iristeko.

][ MOJON LARGO MENDATEA Altuera : 1009m Distantzia : 21,5Km Ordutegia : 5h30m

Mendi-lepo horretatik joaten da Aldako Gurutzera eta Arnaba mendietara, iparralderantz, Arana ibarretik abiatuta. Guk, ordea, behera egingo dugu, haitzarte estu batean zehar, hegoalderantz, Eztuniga herriraino.

Hegoaldera doan bide zabal bat hartuko dugu; aurreraxeago, eskuinetara dagoen bidea utzi, eta jaisten jarraituko dugu, bidegurutze bat topatu arte. Han, ezkerrera jaitsiko gara, erreka bat zeharkatu, eta basoan barrena alanbre-hesi bateraino iritsiko gara, mendiaren beste aldean; lekurik egokienetik igaroko dugu hesia. Hesiaren bestaldean, bide zabal bat dago; hura hartu behar dugu; aurreraxeago, ezkerretik gora datorren bidea hartu gabe, aurrera jarraituko dugu hesiaren ondotik. Amildegiak behera egiten du, baina guk gainari eutsiko diogu. Alanbre-hesia amaitu, eta bidea estutzen da. Ezkerrera egin, eta amildegiaren mingain batera jaitsiko gara, eta handik bide bat topatuko dugu (ezkerretik dator gora). Bide estuan behera jarraitu, eskuinerantz, zuhaitz artean, harik eta amildegiaren oinera iristen garen arte; zuhaitz ugari dago, eta berebiziko hormak ageri dira.

Amildegiaren oinetik jarraituko dugu. Bidea gero eta zabalagoa da, eta, irteeratik gertu, Berrabia zelaietan, eskuinetara dugun alanbre-hesia zeharkatuko dugu, hesi berde batetik. Bide zabalean aurrera, lursail batzuen ondotik jarraituko dugu, etxola bateraino; iturria ere badago han. Muro deitzen dioten amildegiaren ondotik jarraitu, erreka bat zeharkatu, eta zelai txiki batera helduko gara; amildegia utzi, eta gora egingo dugu, beste bide bateraino; bideak Santa María de Beatasis baselizara eramango gaitu. Errepidea ikusiko dugu (Eztunigatik Lana haranera doa, Gastiain mendatea igarota). Errepidean aurrera egingo dugu, hego-ekialdera, eta, kilometro eta erdi barru, herrian gara.

lZUÑIGA Altuera : 575m Distantzia : 27,5Km Ordutegia : 6h45m
Lizarrako lurren mendebaldeko mugan dagoen herri nafarra dugu, Solana haranekoa, nahiz eta hartatik urrun samar egon. Izen bat baino gehiago du: Buztunika, Eztuñiga, Zuñiga. Arabako Kanpetzu bailarakoa zen hasieran, baina gero Nafarroako erregeen eskuetara joan zen.