EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
2. SEKTOREA: BAIONA ... DONIBANE GARAZI AIZKARDI Mendizale Elkartea
1. ETAPA: BAIONA ... ITSASU VILLABONA
     
     
RESUMEN DEL RECORRIDO


Etapa honetan Lapurdi zeharkatuko dugu, iparretik hegora, aurrekoan egin genuen kontrako bidean, berriz ere mugako mendietarantz. Urte eta Sara 65 kilometroan lotzen dituen GR-8 bidea erabiliko dugu horretarako, Baiona, Kanbo eta Ainhoa zeharkatuz. Bide horretatik kanpo, oso zaila da bide jarraituak aurkitzea norabidea galdu gabe; beraz, arrasto zuri-gorriei jarraituko diegu kilometro askotan, bai pistaz, bai asfaltoz. Kanbora iritsita, GR-8 utzi eta Paxkalekuko belazeetan barna joango gara, Kanbo eta Itsasu lotzen dituen mendilerrotik gertu. Beste aldera igaro, Itsasuko Subeleta auzora jaitsi, eta herriaren erdiraino iritsiko gara.

Etapa hau beheko lurretatik doanez eta tartean gailurrik ez dagoenez, nahi dutenek bi ordu luzatu dezakete etapa, han gertu dagoen Urtsuiako gailurrera igoz; handik ederki ikusten dira Larrun, Hiru Erregeen Mahaia, nahiz itsas inguruko herriak.

Oharra:
Ordutegia ibil-denborari dagokio, atsedenak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia   Altuera Km Ordutegia
               
BAIONA 5 0 0:00 URTSUIA IGOERA      
Mugerre Portua 40 0,9 0:10 Laxaldekoborda 200 24,0 5:20
Mugerre Gurutzea 101 2,5 0:30 Harritxuri 300 25,5 5:50
Arrapidia 140 6,0 1:25 Urtsuia 678 28,5 6:40
Mendiburua 100 10,0 2:15 Sendalepoa 325 32,0 7:30
Salbatore kapea 90 15,0 3:20 Pasteroenea 242 33,0 7:50
Jatsu 80 16,5 3:40 Paxkaleku 185 34,5 8:00
Kanbo Behera 21 20,5 4:30 Subeleta 90 36,0 8:30
Kanbo (Sanatorio Beaulieu) 50 22,5 5:00 ITSASU 67 37,5 8:45
Laxaldekoborda 200 24,0 5:20        
Paxkaleku 195 27,5 5:40        
Subeleta 90 27,5 6:10        
ITSASU 67 29,0 6:25        
               


IBILBIDEAREN DESKRIPZIOA
lBAIONA Altuera : 5m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


LEtapa Aturri ibaiaren ertzetik abiatuko da, Baiona, Hiriburu eta Mugerre artean, A-64 autobidearen zubi azpian. Hego-ekialderantz jo eta Mugerre Portua auzora igoko gara. Lehen etxeak ikusitakoan, zuzen-zuzen auzora doan bidea hartuko dugu, eta bidegurutze batean Lahontzetik datorren bideko arrasto zuri-gorriei jarraituko diegu, GR-8 Ibilbide Handiko bidezidorrean barna. Asfaltoz jarraituko dugu, arrastoen bidetik, eta laster ikusiko dugu muino txiki bat, ehiztarien ehizaleku eta guzti. Asfaltoko arrastoak utzi, eta belaze bateko bidean barna sartuko gara, ehizaleku batzuen artetik; harrizko monolito bat ikusiko dugu, La Croix de Mugerre, gudu batean hildakoak oroitzeko eraikia; gudu horretan, alde batetik, Napoleonen armada aritu zen, Soult mariskala buru zela; bestetik, ingelesak, espainolak eta portugesak elkarrekin aritu ziren, Wellington jeneralaren agindutara. Gudu hura 1813ko abenduaren 13an gertatu zen.

Monolitoaren ondotik igarota, berriro arrasto zuri-gorriak ikusiko ditugu. Asfaltoz jarraitu, eta Mugerre erdiraino iritsiko gara. Herriko plaza zeharkatzean, Lapurdin ohikoak diren etxeak ikusiko ditugu; kalean behera, Baionara Hiriburutik igaroz doan errepidera iritsiko gara. Errepidea zeharkatu eta aurrera egingo dugu, pixka bat igoz; gero, berriro behera jaitsiko gara A-63 autobidearen gainean ikusten den zubiraino. Haren gainetik igaro, 500 metro aurrera igo, errepidea utzi eta eskuinera joko dugu, Arrapidia aldera. Laster, asfaltoa utzi eta pistaz jarraituko dugu, arrasto zuri-gorrien bidetik, antena bateraino heldu arte.

pARRAPIDIA Altuera : 140m Distantzia : 6,0Km Ordutegia : 1h25m

Lehen aipatu dugun guduaren oroitarri bat ikusiko dugu han ere; gudu hura muino horietan gertatu zen; hiru paneletan azaltzen dira orduan armadek egin zituzten mugimenduak.

Arrasto zuri-gorriei jarraituz, Norabideen Mahai bateraino iritsiko gara, Elorrimendira, Gailurretako Inperio Bidea deritzan bidearen ertzera; Hazparnera doa bide hori. Errepidean behera jaitsi eta 600 bat metrotan aurrera egingo dugu, Elizaberriko bidegurutzea ezkerretara utzita. Arrastoek eskuinera eramango gaituzte, behera doan pistan barna; gero gora egiten du, baserri batzuetara. Handik igaro eta behera joko dugu berriro, Senduraeneako bidetik. Haranaren hondora iritsita, berriro gora jo eta D257 errepidera iristen gara; Milafrangara doa bide hori. Eskuinera jo eta Mendiburua baserrian bidegurutze bat ikusiko dugu. Han ezkerrera jo eta Hego-ekialdera doan pista asfaltozko bat hartuko dugu, etxe batzuen artean, eta handik gurdibide batera iritsiko gara. Ehizagune batean gaude; idatzi batzuetan basurdeak dabiltzala adierazten da. Pistetan barna arrastoei jarraituz, ezkerrera eta eskuinera, gurutze zuri batera iritsiko gara. Pista bat eskuinetara utzi, eta ezkerrekoa hartuko dugu; lokatz asko dago. Handik beste pista batera iritsiko gara; eskuinera jo, Mahatxurrieta baserri ondotik igaro, eta Salbatore baselizaren ondoan dagoen iturri batera helduko gara. Baseliza polita da, eta merezi du bertaraino igotzea.

Baseliza utzi eta asfaltozko pista bat hartuta, Jatsu herriaren erdiraino iritsiko gara. Han, arrastoek behera eramango gaituzte, Haltsu herriraino, baina guk D250 errepidean ezkerrera hartu eta 1,5 Km egingo ditugu. Haltsura doan beste bide bat alde batera utzi eta laster, Kurutzaldea izeneko etxe multzo bateraino iritsiko gara. Errepidea utzi, etxe artetik igaro, eta ezkerrera joko dugu pista batean zehar. Han aurrera jo, bidegurutze guztietan ezkerrera eginez, eta Kanbo Behera auzora iritsiko bara; han berriro arrasto zuri-gorriak ikusiko ditugu. Bidean aurrera egingo dugu, herriaren erdiraino.

l KANBO BEHERA Altuera : 21m Distantzia : 20,5Km Ordutegia : 4h30m

Kanboko auzo eder bat da; Lapurdin izan ohi diren etxeak ikusten dira, erdian garbitoki handi bat dutela.

GR-8 alde batera utzita, Kanbon erditik jarraitzen baitu, guk SNCF trenbideko geltokiraino joko dugu; handik gertu, Errobi ibaia zeharkatu baino lehenago, ezkerrera jo eta bide txiki bat hartuko dugu, ibaiaren ertzetik; trenbidea zeharkatu eta ibaiaren ertzetik Kanboko Haurzain auzora iritsiko gara, eta Beaulieu erietxera gero, Hazparnerako errepidean. Bide horretan barna jarraitu, eta, erietxea pasatuta, eskuinera joko dugu, baserri-bide batean gora, ezkerrera. Asfaltozko pista bat zeharkatu eta aurrera egingo dugu, basoan zehar, gero eta gorago, bidea galdu arte. Azkenean, basotik irten, pista bat hartu eta ezkerrera joko dugu, zelai, bi muino inguratuz, errepide bateraino.

][ LAXALDEKOBORDA Altuera : 200m Distantzia : 24,0Km Ordutegia : 5h20m

Mendilerroaren beste aldean Laxaldekoborda baserria dago; han erabaki behar da Urtsuia mendira igo ala ez.

Biderik laburrena aukeratzen dutenek hegoaldera joko dute errepidez, zelai, bidegurutze bat ezkerretara utzi eta eskuinera pixka bat jaisteko. Gero berriro gora egin eta frontoi batera iritsi aurretik eskuinera jo. Paxkalekuko belardietan gaude; izen bereko mendilerroraino iristen dira belardi horiek. Errepidez eskuinera jo eta 600 bat metrora ezkerrera egingo dugu, mendilerrora doan bidea hartuz; handik Itsasura igarotzen da, eta haraxe jaitsiko dira Urtsuiara igotzen direnak ere.

][ PAXKALEKU Altuera : 195m Distantzia : 25,5Km Ordutegia : 5h40m

Mendilerroan eskuinera jarraitu, asfaltozko pista batean, eta laster pista hori lurrezkoa izango da; aurrean antena bat ikusiko dugu. Bertara iritsita, ezkerraldetik inguratu, eta belazean barrena jaitsiko gara. Behera iristean, eskuinera jo behar da, eta latorrizko itxitura baten gainetik igaro. Alanbrezko itxitura pare bat gehiago igaro eta Itsasuko auzo bateraino doan pista batera irtengo gara.

Errepidean behera jaitsi, eta Donibane Garazira doan D918 errepidearen azpiko tunel bat igaroko dugu, eta Itsasun sartuko gara.

lITSASU Altuera : 67m Distantzia : 29,0Km Ordutegia : 6h25m

Herri luze bat da, Lapurdiko Mondarrain (749m) eta Artzamendi (926m) mendien oinean kokatua; mendi horien gailurretan antena handiak ikusten dira. Merezi du hilerria ikustea, Erdi Aroko elizaren alboan; XVII eta XVIII. mendeetako hilarri ederrak daude; aurreraxeago, berriz, "Itsasuko Ageria" dakarren oroitarria dago; 1963ko Aberri Egunean ipini zuten; euskal gertaera nazionalen oroigarri da, eta hantxe sortu zen Enbata izeneko Iparraldeko mugimendu abertzalea.

ITSASUKO AGERIA
Egun 1963ko apirilaren 15an aberri egunean
Lapurdiko Itsasun landatu dugun arbolaren pean bildurik
Kuna zer jakin arazten dugun
GUK EUSKALDUNEK
ZER GIREN
Lurraren arrazaren mintzairaren ohiduren
Aldetik herri bat eta bakar bat gira
Naturaz eta histirioaz demokrazia bat gira
Herri nazione demokrazia giza

ZER DIOGUN
Batasunaren obratzeko eskubidea
Gure buruaren jabetasunaren osoa nahi ditugu
Herri bakotxari zor baitzako mende huntan
Bere buruaren gobernatzeko dretxoa
JAKIN ARAZTEN DUGU
Gure nazionea guhaurek gobernak nahi dugula
Bertze herrieri gure Euskal Herria nazionetzat
Onhar araztea oldartuko girela
Horrela bat eginen da Euskal Herria eta
Gure aberriari bizia eta segida emanen diogu

 

URTSUIARA IGOTZEKO AUKERA
][ LAXALDEKOBORDA Altuera : 200m Distantzia : 24,0Km Ordutegia : 5h20m

Urtsuiara igotzeko, Paxkalekura doan errepidea utzi, eta ezkerrera pista bat hartuko dugu, ekialderantz. Bide horretan barna joango gara hurrengo mendilerrora iritsi arte; han eskuinera, gorantz baserri batera doan bide bat hartuko dugu; hura baino gorago, beste mendilerro batera iritsiko gara. Aurrez aurre, Iramaldako mendilerroa daukagu, ezkerretara dagoen Urtsuia handiaren eta eskuinetara dauzkagun Harritxuriko muino leunen artean. Harritxurira doan bidea utzi eta inguruka doan bidea hartuko dugu; haranaren erdian bidea utzi eta beste bat hartuko dugu, behealdera, hondoraino. Han topatuko ditugu Urkuraitik gora Iramaldako mendilerrora doazen arrastoak. Zuzen joko dugu, aldapa gogorrean gora, ipar-ekialderantz; mendian zehar doan pista bat ikusiko dugu; pixka bat eskuinera jaitsi, eta berriro gora egingo dugu belaze batean gora muino bateraino. Hurrengo mendilerroan garbi ikusiko dugu Urtsuiaren gailurreraino eramango gaituen bidea.

pURTSUIA Altuera : 678m Distantzia : 28,5Km Ordutegia : 6h40m

Ertz biribilduak dituen mendia da; gainean zelai ederra du. Bigarren mailako gailur guztiek bezala, bere alde du balkoi natural ederra izatea, inguruko mendi handiak ederki ikusteko, hala Larrun kostaldean, nola Anie eta Midi d'Ossau Pirinioetako lehen gailur handien artean. Aurrez aurre, Baigura (897) ikusiko dugu, bere ertz ederrak Luhoso aldera begira dituela; eta atzean Euskal Pirinioetako mendiak. Behera begiratuz gero, belaze zabaletan barreiaturik dauden baserriak ikus ditzakegu; halako asko dago inguruetan.

Gailurretik behera lehengo bidetik jaitsiko gara, handik hurbil dagoen mendilerro batera; ur-biltegi bat ikusiko dugu. Mendilerro horretatik, igoeran pasatu dugun belaze eta muinoan zehar joan beharrean, ezkerrera joko dugu, Iramaldako mendilerroaren bila. Pasagune garai batzuk igaro eta mendilerrora iritsiko gara; bestela, pistaren bat hartuta ere irits gaitezke, bide luzexeagoa eginez.

Iramalda (385) mendilerroa bidegurutze garrantzitsua da; alde guztietarako pistak daude bertan. Aurrera doan bidea hartu, hego-mendebaldeko norabide berean, eta laster beherantz hasiko gara, hurrengo puntura heltzeko, Paxkalekura iristeko igaro behar den muino belartsura hain zuzen; beherago Aziotzia baserria dago. Pisten bidegurutze batean, eskuinera jo, baserria ezkerretara utzi, eta eskuin aldetik inguruka joango gara, zelai, harrizko pista batera iritsi arte; hortik errepidera irtengo gara. Gora jo, eta mendilerro batera helduko gara, eta handik Sendalepoa baserrira. Baserriaren behealdean eskuinera asfaltozko pista bat hartu behar da, eta zeharka-zeharka baserrien ondotik igaroko gara. Pasteroenean, argi: asfaltozko pista bat eskuinetara utzi, eta behera jarraitu behar dugu; hurrengo bidegurutzean, pista goitik behera ezkerraldera hasten denean, guk eskuinera jo behar dugu, zelaian. Hurrengo puntua antena bat da. Pistak haren eskuinera garamatza; hantxe dago Paxkaleku mendilerroa, eta hantxe elkartuko gara Urtsuiara igo gabe zuzen datorren bidearekin.

][ PAXKALEKU Altuera : 195m Distantzia : 34,5Km Ordutegia : 8h00m

Mendilerroan aurrera joko dugu, asfaltozko pista batean barna, Harotzenea etxeraino. Laster, pista lurrezkoa bihurtuko da, eta antena bateraino eramango gaitu, gure ezkerretara. Hara iritsita, ezkerraldetik inguratu, belazean barna, eta lur pribatuak zeharkatuko ditugu; bukaeran, eskuinera jo eta latorrizko itxitura baten gainetik igaroko gara. Alanbrezko itxitura pare bat gehiago igaro eta Itsasuko auzo bateraino doan pista batera irtengo gara.

Errepidean behera jaitsi, eta Donibane Garazira doan D918 errepidearen azpiko tunel bat igaroko dugu, eta Itsasun sartuko gara.

lITSASU Altuera : 67m Distantzia : 37,5Km Ordutegia : 8h45m