EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
2. SEKTOREA: BAIONA ... DONIBANE GARAZI AIZKARDI Mendizale Elkartea
3. ETAPA: BIDARRAI ... GARAZI VILLABONA
     
     
IBILBIDEAREN LABURPENA


Etapa honetan Behe Nafarroa probintzia zeharkatuko dugu diagonalean, Erdi Aroko hiribururaino; bi mendi multzo zeharkatuko ditugu, oso desberdinak biak, tartean haran sakon bat utzita. Lehendabizi Larlako mendiak, Iparlako harresiekin eta Bastidako haran berdearekin. Gero, Jarrako mendi handia; gehienetan alde batera uzten da, besteetatik aparte geratzen baita. Handik mahasti batzuetara iritsiko gara; Irulegiko mahastietara, hain zuzen, Garazira heltzeko gero.

Oharra
Ipini ditugun orduak ibil-denborei dagozkie, atsedenak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia  
         
BIDARRAI 145 0 0:00  
Harlepokoborda 367 2,4 0:45  
Pagaldeko Pareta 544 3 1:00  
Harretxekoborda 625 3,5 1:15  
Larla 700 4,2 1:30  
Larrango 579 6,1 2:00  
Urzilo 566 6,4 2:10  
Eiheralde 140 10,1 3:00  
Jarra 811 15,2 4:40  
Artxuita 392 17,9 5:30  
Apelxenia 161 19,5 6:00  
DONIBANE GARAZI 159 22,6 6:30  
         



DESCRIPCIÓN DEL RECORRIDO
lBIDARRAI Altuera : 145m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Bidarraiko plazatik bertatik abiatuko gara. Hegoaldera begiratuta, Iparlako harresia ikus dezakegu eskuinetara, eta Larlaraino iristen diren aldapa eme belarrez estaliak, gure ezkerretara. Erdian, Bidarrai eta Baigorri lotzen dituen harana, Gastigar mendilerroan barna. Plazatik ekialdera abiatuko gara, Gastigarlepora doan errepidez. Metro batzuetan handik jarraitu eta ezkerrera joko dugu, auzobide batetik. Laster, berriro ezkerrera beste bide bat hartu, Larla aldera, eta 100 bat metrora baserri multzo bat ikusiko dugu, igoera hasten den lekuan. Baserrietara iritsi baino lehentxeago, eskuinera joko dugu, arrasto horiz markatutako bide bat hartuz.

Gora goaz pixkanaka, alde banatara dauzkagun haranak ikusiz. Eskuinetara, Iparlako hesi handia, haran belazetsuko baserrien gainean. Ezkerretara, haran txiki bat daukagu, Larlaren inguruetaraino; gu goazen ertzarekin bat egingo du. Borda batera iritsita, Harlepokoborda, 367m altueran, bidea bitan banatzen da; ezkerretara, Arrosara doa, Pikazari mendilerroan zehar; eskuinekoa, Bidarraira itzultzeko da. Guk ertzetik jarraituko dugu, gatozen bidetik, bidezidor batean barna, gero eta aldapatsuago, hegoalderantz, eta borda erori batera iritsiko gara; handik aurrera ez dago bidezidorrik; harrikozkor artean igo beharko dugu lehenengo gailurreraino, 544 metrora: Pagaldeko Pareta.

Haitzaren ertza ikusiko dugu, eta lurra bustirik baldin badago hobe ez handik jarraitzea. Aurrera egiten badugu, hala ere, erraz aurkituko ditugu pasabideak, arazorik gabe. Ezkerretara belaze maldatsuak ikusiko ditugu, eta eskuinetara harriak; ertzean zehar jarraituko dugu Harretxe gainera iritsi arte, 625 metrora; han borda bat dago. Pikazari (466 metro) mendilerrotik bide bat dator haraino, Bidarraitik edo Arrosatik abiatuta. Belazean zehar jarraituko dugu; bidea markaturik dago belar artean. Borda erori batzuen ondotik igarota, Larla gaina joko dugu; harri-pila bat ikusiko dugu bertan.

pLARLA Altuera : 700m Distantzia : 4,2Km Ordutegia : 1h30m

Bigarren mailako gailurra da, baina Iparlako harresiak eta Errobiko mendiak ikusteko leku aproposa da. Urrunago, Irati eta Arbailleta gainak ikusten dira. Behean, berriz, Bastida eta Urdozen barna Baigorrira iristen den harana.

Belazean zehar jaitsiko gara hego-ekialderantz, hurrengo mendilerroraino; han eskuinetatik datorren gurdibide bat ikusiko dugu (Larlaren gerrian zehar). Han behera joan, haraneko ikuspegi ederrari begira, gaina ezkerrera utziz. Harotzain mendilerrora iristean, borda bat ikusiko dugu; bidea ekialdera doa, haranerantz; guk gainari helduko diogu, han gertuko tumulu bateraino: Larrango (579 metro) gaina da; gazteluzahar baten hondakinak daude bertan; han babesten ziren pertsonak eta artaldeak, lur haiek hartzera edo lapurretara zetozenengandik. Gainik gain belazean zehar jarraitu, eta aurreraxeago beste gazteluzahar baten hondakinak ikusiko ditugu Urzilo gainean. Bi gotorleku horiek Euskal Herriko interesgarrienetarikoak omen dira.

p URZILO Altuera : 566m Distantzia : 6,4Km Ordutegia : 2h10m

Larla gaineko izkina batean dago gailur hori, Jarra gailurrari begira; gero hara igo behar dugu. Behean, Aldudeko Errobia ibaiak osaturiko harana dago; Aldudes haran osoa igaro eta Baigorriraino iristen da, Errobi ibaiarekin bat egitera. Bi gainetan eraikitako gotorlekuek zaintzen zituzten haraneko mugimendu guztiak.

Gailurretik hurbil antena bat ipintzeko egina dagoen pista hartu eta jaitsiko gara. Lehen bihurgunea baino pixka bat lehenago, eskuinera jo behar dugu, belazean eginiko bidezidor batean barna, gainik gain, ehiztarien ehizaleku batzuetaraino jaitsiz. Batzuetan ez da erraza bidezidorra ikustea, baina gaina bistan dugula, gerrian zehar jaitsi gaitezke hegoalderantz, pista batera iritsi arte; han ehiztarientzat prestaturiko karabana bat dago. Nola arraio igo ote dute haraino?

Aldapa malkartsuan barna jaitsiko gara; ezkerrera jo eta beste pista egokiago batera iritsiko gara. Sigi-saga jarraitu, eta errepide batera helduko gara; behera jo, eta D948 errepide nagusira eramango gaitu. Errepidean aurrera egin 600 bat metroan hegoalderantz, Baigorrirantz, eta Eiheralde auzora iritsiko gara. Auzoa zeharkatu, eta irteeran arrain-haztegi bat ikusiko dugu ezkerretara. Jaitsi, eta ibaia zeharkatzeko zubi bat aurkituko dugu.

l EIHERALDE Altuera : 140m Distantzia : 10,1Km Ordutegia : 3h00m

Baigorriko auzoa da; Urdozera eta Bastidara igotzen den errepidera doan haranaren buruan dago; gero, bide hori Bidarrairaino doa, Gastigar mendatea igarota.

Ibaia zeharkatuta, Jarran gora abiatuko gara; 670 metro ditu, eta errespetua jartzen du. Bide asfaltozkoan barna 300 bat metro joango gara, eskuinera, lur eta harrizko pista batekin topo egin arte; ezkerretara doa, aldapa gogorrez. Arnasa sakon hartu eta Jarra igotzen hasiko gara; goraxeago pistak beste batekin egiten du topo, gure eskuinetara (Otikoren auzotik dator, arrasto horiekin). Haien atzetik, ezkerrera joko dugu, mahasti baten ertzetik. Gora jarraitu eta, zenbait bihurguneren ondoren, belarrez estalitako pistak aurrera egiten du; hura hartu, arrasto horiei jarraituz, eta aldapa betean baso batera helduko gara. Beti gora eginez, basotik irten, eta azken igoera agertuko zaigu; handik, Iratzelaiko mendilerroan zehar joango gara, Jarra gailurrerantz. Bat-batean beste isurialdeko malda belartsuak agertuko zaizkigu begien aurrean, Letxukohegia, Ortzaizeko harana, eta aurrez aurre Baigura eta Haltzako gailurrak. Bizkar belazetsuan barna jarraitu eskuinera, eta Jarra gailurreraino iritsiko gara.

p JARRA Altuera : 811m Distantzia : 15,2Km Ordutegia : 4h40m

Gailur bakartia, haran sakonez inguratua, gerri malkartsuekin, batik bat ipar eta ipar-ekialdean. Bertan eraikuntzak eta antenak egonik ere, oso gailur interesgarria da. Hegoaldera, Baigorri eta Garazi Irulegin barna lotzen dituen harana ikusten da. Isurialde hori mahastiz beterik dago, eta erromatarren garaitik egiten omen dute ardoa bertan; gaur egun oso ospetsua da Frantzia guztian Irulegi jatorri-deiturarekin. Atzerago Auza eta Adartza gailurrak ageri dira, Aldude haranaren sarrera mugatuz. Ezkerrerago Donibane Garazi ikusten dugu y harago Irati eta Arbailletako mendiak, Behorlegi gailurrarekin, Iparraldeko Txindoki balitz bezala. Mendebaldera begiratuta, egin dugun bidea ikusiko dugu, Iparlako harresiak urrun samar direla; iparraldera ez da ia itsasertzik ikusten, Artzamendi eta Baiguraren tartean itsaso zati bat besterik ez.

Mendebalderantz jaitsiko gara, asfaltozko bidean pixka batean, eta pista bat hartuko dugu ezkerrera, bihurgune bat eginez, berriro errepidera irteteko. Erdibidean belazean zehar abiatuko gara, bidea mozteko, aurreko mendi multzoan berriro ageri baita bidea. Hara iritsita, bideak ezkerrera egiten du, baso batean sartzeko. Guk bihurgunearen aurrez aurre dagoen pista bat hartuko dugu; han Azkaraterako bidea seinalatzen duten zutabeak ikusiko ditugu; 300 bat metrora, pistak eskuinera egiten du; hura utzi eta artzain lurretan sartuko gara. Muinoan gainik gain jarraituko dugu, beste alderaino joan, hesiaren gainetik igaro eta bidezidor malkartsu bat aurkituko dugu Artxuitako mendilerrora jaisteko; zenbait baserri ikusiko ditugu. Errepidera iritsi, ezkerrera igo, eta mendilerrora iritsiko gara; beste errepide batek zeharkatzen du. Eskuinaldera jo, Azkaratera doazen arrastoei jarraituz kilometro batean edo, eta bihurgune batean ezkerrera doan bide bat ikusiko dugu, arrastoz seinalatua. Handik barna, bidegurutze guztietan beti eskuineko bidea hartuz, Apelxenia baserriraino iritsiko gara, Azkarate herritik hurbil. Errepidean aurrera jarraitu, eta herri erdiraino helduko gara; hura zeharkatu, eta, D15 errepidera iristean, ezkerrera bidezidor bat hartuko dugu, eta handik zuzenean Uharte-Garazi herrira joango gara. Hura ere zeharkatu eta Donibane Garaziko atarian gaude.

l DONIBANE GARAZI Altuera : 159m Distantzia : 22,6Km Ordutegia : 6h30m

Donibane Garazi izango da gure hiribururik txikiena, eta aldi berean ederrenetakoa. Hiria muino aldera begira dago, eta han gotorleku militar bat dauka. Kaleak estuak eta aldapatsuak dira, harriz eginak, Erdi Aroko itxurari eutsiz. Hirira sartzeko ate guztiak, etxeak, eliza, gure historiaren zati baten gordailu dira. Antzinatik ezaguna den Pirinioetako igarobide baten aurrez aurre egonik, historia gorabeheratsua izan du. VIII. Mendean egin zioten harresia, eta Nafarroako erresumaren mende egon zen, mendiz haratagoko lurren hiriburu izanik. Estrategia aldetik hain garrantzitsua zenez, XVI. mendean Gaztelako eta Nafarroako erresumen mende egon zen. Historiako une lazgarrienetako bat XIV. mendean izan zuen, zisma bat gertatu baitzen; Erromako Aita Santuak Baionako Gotzaina besterik onartzen ez zuenean, Garazin Avignoneko Gotzainaren egoitza ipini zuten; oraindik ere han dago Gotzainen Etxeko museoa, eta haren ondoan Gotzainen Espetxea.

Hiriaren beste alde interesgarri bat da Santiobidean egotea da, Ostabatetik Orreaga doan bidean; zati handi batean erromatarren galtzada dauka gainera. Garazitik abiatzen dira askotan erromesak Santiobidea egitera; aterpetxe eta harrera-etxeak ugari dira.

Garaziren postalik ohikoena da Errobi gaineko zubi erromatarrarena, orobat elizarena, gotorlekuarena eta etxe zaharrena, balkoi koloretsuak ibai gainera dituztela.