Uhaitzandia haranaren buruan dago Ligi. Haran horrek Santa Graziko eta
Larraineko haranetatik datozen urak jasotzen ditu; eskualde horri Basaburua
edo Zuberoa Garaia deritza, eta hantxe daude Euskal Herriko gailurrik
handienak. Haranak elkartzen diren puntu horretan sortzen da Uhaitzandia
ibaia, Zuberoa guztia iparretik hegora zeharkatzen duena. Ibaia zeharkatzeko
eraikitako zubia ospetsua da Ligin, esaten baita lamiek egin zutela eta
azken harria ipini gabe utzi zutela; inork ez du lortu falta den harri
hori ipini eta bertan irautea.
Ligitik abiatzeko, herriaren irteeran eskuinera
bihurgune bat hartuko dugu, Santa Grazi aldera. Ezkerretara bidegurutze
bat dago, Suzelge haranera joateko, mendebaldera. Guk hortik jarraituko
dugu, 1,5 km egin arte, eta gero irten egingo gara bidetik, eskuinean
gora beste bat hartzeko; hortik
Suzelgeko baso sarrian barna jarraituko dugu. Aldapa gogorrak igoko ditugu
Eskalanpuiñia baserriraino. Hura igarota, eskuinera joko dugu,
pista batean zehar, Harribeltza tontorra inguratuz joateko. Pista nagusitik
jarraitu behar dugu, besteak alde batera utzita, bidegurutze bateraino;
han, eskuinera joko dugu, ezkerretara doan pista utzita. Teinture Borde
baserria inguratu, eta eskuinera jo behar dugu, ezkerretara dagoen pista
alde batera utzita; eskuineko pista harrizkoa da, eta hesi bat dago, zabalik,
arrosez margotuta, eta aurrerago arrasto berde-horiz. Igoera leuna da,
baso artean, Harribeltzaren gerrian barrena; bat-bateko bihurgune batek
aterako gaitu gainera, eta bezala zanpatuz iritsiko gara gailurrera.
|

Arbutiko mendien mendebaldean dago gailur hori; berebiziko ikuspegia gozatzen
da handik: ipar-ekialdera, Uhaitzhandia harana, Ligi eta Gendarmearen
txapela, eta Arbailleta atzerago; mendebaldean, Larrañe harana,
eta Irati, Harsudurra eta Ori gailurrak; hegoaldera, Pirinioetako lehen
gailurrak, Otsogorrigaña eta Kartxila; hego-ekialdera, Arbuti mendiek
jarraitzen dute; hantxe daude hurrenez hurren igoko ditugun gailurrak.
Bizkar belazetsuan barna jarraituko dugu hego-ekialdera, Losko(1108m)
gaineko etxolara iritsi arte. Ezkerretara arrosez markaturiko pista bat
utzi, Haux basoa zeharkatu eta etorri garen haranera jaisten baita berriro,
eta eskuinera joko dugu, ehizalekuen lerro bat topatu arte; haiei jarraiki,
Hilaga (1337m) gainera iritsiko gara. Ehizalekuen ondotik jarraitu beharrean,
ezkerreko pista har dezakegu, basoan sartu, eta gailurra inguratu. Aurreraxeago
bidea erdibitzen da; guk eskuinera joko dugu, basotik irten, eta Hilaga
eta Iguntze mendi-lerroen artetik igaroko gara. Hilaga gainetik erraz
jaisten da Iguntzera, gainik gain jarraituz gero.
Hegoaldean
Kakueta ikus dezakegu, 4,5 km dituen haitz-tartea, Arrakogoiti mendi-lerroan
jaiotzen den erreka batek egina, Nafarroaren mugan. 550m-ko altuera duten
hormak ikus daitezke, eta gunerik estuenean 4 metroko tartea besterik
ez dago. Ilamina izeneko lekuan, harkaitzetik ur-turrusta handi bat jaiotzen
da, San Jorge deritzana, Budogiaren erraietatik sorturik, Hiru Errege
Mahaiatik hurbil; Larra zeharkatu, eta Lakora gailurraren azpitik iristen
da Kakuetaraino. Ekialderago, Santa Graziko beste haitz-tarte garrantzitsu
bat ikus dezakegu, Ehujarrekoa, bestea baino zabalagoa eta handiagoa,
3 bat kilometro luzekoa; Eraitzeko ordekan hasten da, Lakora gailurraren
azpian.Mendilerrotik, belazean barna joango gara gainik gain, Iguntze
gaineraino.
|
Zuberoaren
eta Biarnoren tartean dago gailur hori, iparraldean. Goi samarrean gaude,
eta Pirinioetako ikuspegia ederra da benetan. Hego-mendebaldera begiratuz
gero, 2000 metroko lehen euskal mendia ikusiko dugu, Ori; hegoaldera,
berriz, Kakuetako erreten izugarria, eta haren gainean Katxira eta Lakora
gailurrak; haren eskuinean, berriz, Ehujarre haitz-tartea. Ekialdean,
Arbuti gailurra ikus dezakegu, gertu samar; baso sarriz estalia dago,
eta Anie gailurra ikustea galarazten digu. Iparraldean, berriz, Montori,
Beguze, Hargibel tontorrak ikus ditzakegu, eta eskuinerago, Sudou gailurra.
Bide estu bat jarraituko dugu behera jaisteko,
iparreko isurialdera eginez, ondoko basoaren ertzetik, Lakurde mendi-lerro
zabalera iritsi arte. Hortik aurrera ez dago biderik; Arbutiko gerrian
dauden basoetara joko dugu, eta basoan bidezidor bat ikusiko dugu, zeharkatzeko.
Alanbrezko hesi baten ondoan, ezkerretara hartu behar dugu, gailurraren
iparraldeko ertza inguratzeko. Bidezidorrari jarraiki, garo handien artean,
inguruka jarraituko dugu, Arbutirako igoera harritsu bat topatu arte.
Garo artean igo beharrean, ez baitago biderik, ekialderago jarraituko
dugu inguruka, ipar-ekialdean dagoen baso bateraino iritsi, eta handik
gora errazago igoko gara. Gailurra eskuinera daukagu. Harkaitzean gora
ere igo gaitezke, ertzari jarraituz, aipatutako alanbre-hesiaren ondotik
abiatuta; handik zuzen-zuzen igoko gara, baina oso malkartsua da, eta
irristagarri ere egon daiteke.
Pagoz eta pinuz estalitako baso zabal hori
Issaux basoaren mendebaldeko arrastoa besterik ez da; baso hori ospetsua
da gaur egun ere, hartzak eta basoilarrak baitaude bertan. Arbuti (1542m)
gaina ere basoz estalia dago; beraz, ez dago ikuspegirik handik. Ekialdera
joko dugu, gainik gain, baso barnetik, biderik garbienak jarraituz. Behera
eginez, laster ikusiko dugu pista bat eskuinera; hara joko dugu. Azkenean,
hura hartu eta han ezkerraldeko norabidea hartuko dugu, Khaparia mendi-lerroraino;
hantxe irtengo gara basotik. Izarbeko iraupen-eski arrastoak ikusiko ditugu.
Izen bera duen gailurraren iparraldean dago hori.Eskigunera doazen pistak,
ezkerrekoak, alde batera utzi, eta eskuinekoa ere utzi egingo dugu, Izarbe
gailurra hegoaldetik inguratzen duena alegia. Belazean zehar joango gara
gainik gain, biderik gabe, Izarbe tontorreraino.
|
Benhu
edo Arbuti izeneko mendien gailurrik altuena da. Iparraldean, ipar-eskigunea
dago, eta berebiziko ikuspegia goza daiteke, hala iparraldera (Biarno,
eta beste gailur asko ia mila metro beherago) zein ekialdera (Suskuza
mendilerrorainoko belaze luzea ikus dezakegu, Aretteko eskiguneraino).
Eskigunearen gainean Anie gailur handia ikus dezakegu, eskualdeko altuerarik
handiena, Biarnoko lurretan. Hegoaldean, basoak ikusten uzten ez badigu
ere, Ehujarre haitz-artea dugu eta Belaguako gainak.Gailurretik, ekialdera
joko dugu gainik gain, belazean, Murkuilla mendi-lerroraino iritsi arte.
Hurrengo gainera igo (edo inguratu ere egin dezakegu; Peñalarga
(1481m) du izena; behera joko dugu gero, hurrengo mendi-lerrora iritsi
arte; hantxe topatuko dugu eskigunera doan bidea eta Serreko etxola. Hortxe,
gainbidea utzi, eta hegoaldera hartuko dugu, baso batean sartzeko. Han,
bide bat topatuko dugu, hego-mendebalderantz doana. Laster belazegune
batera iritsiko gara, eta malkarrean behera jaitsiko, 1195m-ko mendi-lerroraino.
Goiburu gainera igo, eta hegoaldera jaisten jarraituko dugu gainik gain,
1035m-ko mendi-lerroraino. Han pista bat ikusiko dugu eskuinetara, arrasto
horiekin; hura hartu, eta Santa Graziko bidera aterako gaitu, Berrietxia
etxearen ondoan. Bidez bide Sentaraino jaitsiko gara; Santa Graziko auzoa
da hori, XII mendeko eliza batekin.
|
Haran
luze eta estu bat da, gailur handiz inguratu, hala iparretik nola hegotik;
hantxe daude haitz-tarte ospetsuak; Kakuetakoa
Europako ikusgarrienetakoa da. Santa Grazi herria auzotan banaturik dago
6 km-an zehar; azkenekoa da Senta, eta hantxe dago Santa Graziko abadia,
XII mendeko erromanikoaren lanik ederrenetakoa Iparralde osoan. Auzo horretan
zenbait baserri eta bidegileentzako aterpe bat daude, eliza eta hilerria
erdigune dituztela; hantxe, aspaldiko hilarriak ikus daitezke, gaur eguneko
beste batzuen artean.
|