EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
4. SEKTOREA: MAULE ... IRUŅA AIZKARDI Mendizale Elkartea
4. ETAPA: ISABA ... BURGI VILLABONA
     
     

IBILBIDEAREN LABURPENA


Etapa honetan Erronkariko harana zeharkatuko dugu, ia osorik, mendebaldeko aldetik. Izabatik abiatuko gara, iparretik, Idoiako santutegitik igaro, eta Santa Barbarako mendietara igo, eta haiek zeharkatu ondoren, ia Burgiraino iristen diren baso zabalak zeharkatuko ditugu; animalia basa asko bizi da haietan, beharbada hartzen bat ere bai, Camille edo.Erronkariko harana, Zaraitzu, Anso eta Hecho-rekin batera, oso ospetsua da, haietatik almadia asko igarotzen baitziren garai batean; egur luzeak elkarri lotuta egiten zituzten, eta basoetatik saltokietara egurra garraiatzeko erabiltzen.

Oharra
Orduak ibil-deborei dagozkie, atsedenaldiak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia        
               
ISABA 813 0 0:00        
Kakueta 1583 6,5 2:15        
Santa Barbara 1482 9,0 3:00        
Lezerena lepoa 960 14,0 4:30        
Argibel 1203 16,5 5:30        
Odieta 1050 18,0 6:00        
BURGI 625 25,0 8:00        
               



IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
lISABA Altuera : 813m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Erronkariko haranaren buruan, Euskal Herriko alderik menditsuenean, dagoen herri nafarra da Izaba. Erronkari aldetik herrira sartzerakoan, sarrerako zubia zeharkatu aurretik, ipar-mendebaldera doan bide bat irteten da, GR-11ren arrasto zuri eta gorriekin. Harrizko bidea da; pagoz eta haritzez osatutako baso ilun batean sartzen da, eta hamar bat minutuan Idoiako Santutegiraino eramango gaitu; eraikuntza XVI. mendekoa da, eta ermitauaren etxea dauka atxikita. Elezahar batek dioenez, Ama Birjinaren estatua putzu edo zingira batean agertu zen, eta hortik datorkio izena, Idoia.

Arkuaren azpitik igaro eta Izabara doan eskuineko bidea alde batera utziko dugu. Aurrera egingo dugu, arrasto zuri-gorriei jarraituz, eta hesi bat zeharkatuko dugu. Bidea baso ilun batera sartzen da, estuagoa bihurtu, eta malda handian gora doa, sigi-saga;, Seisaderra deritzan bidea da. Argigune batera irtengo gara; han borda erori bat ikusiko dugu, eta handik Santa Barbarako mendiak begiztatuko ditugu; gora jarraitu, sastraka artean, eta beste baso batean sartuko gara; han, bidea zabalagoa eta argiagoa da, eta samurragoa ere bai. Barangaga goiaren hegoaldetik igarotzen ari gara. Ezkerretara dagoen bidea utzi, eta eskuinetik joko dugu, arrastoei segika, basotik irten arte. Eskuinetik jarraituko dugu zeharka, Milingrate (1362m) lepora iritsi arte; han bihurgune itxi bat aurkituko dugu, eta handik pista zabal bat, Barangagako bidea hain zuzen, Erronkaritik datorrena Santa Barbarako mendi guztien albotik. Aurrean, hegoaldera begiratuz gero, Kakuetako gaina ikus dezakegu.

Arrasto zuri-gorrien atzetik eskuinera jo dezakegu, mendia inguratu eta mendebaldetik igo, Peñablanca-ko bidetik. Baina, hori egin beharrean, aurrez aurre jarraituko dugu, pista zeharkatu eta mendiaren gerriraino igo ekialdetik, biderik gabe, iparraldeko lepora iritsi arte; Lagintian gaude (1536m). Gero, iparraldera itzuliko gara, Kakueta gaina harrapatu arte.

pKAKUETA Altuera : 1583m Distantzia : 6,5Km Ordutegia : 2h15m

Belarrez estalitako gain zabala dugu Kakueta; Santa Barbara ere deitzen diote, edo Kakuetako San Migel ere bai. Euskal Pirinioak ederki ikusten dira handik, hasi Oritik eta Hiru Errege Mahairaino; era berean Aragoiko gailurrik hurbilenak ere. Erronkariko haranaren zati handi bat ere ikus daiteke, Eska ibaia erdian duela.

Gailurretik, berriro Largintiako lepora jaitsiko gara, hegoaldera, eta mendilerro belazetsuan barrena jarraituko dugu, harkaitz multzo bat eskuinetik inguratuz, Izagra edo Zokoandia gailurra (1555 m) harrapatu arte. Gainik gain jarraitu, eta Portillo de San Fernando lepora jaitsiko gara; hantxe topatuko dugu berriro Erronkaritik igotzen den pista. Hegoaldera jarraituko dugu, mendi multzoko azken gailurreraino.

p SANTA BARBARA Altuera : 1482m Distantzia : 9,0Km Ordutegia : 3h00m

Gailur horrek ematen dio izena mendi multzo guztiari. Kakuetakoa bezalaxe, zabala eta belazetsua da hori ere, eta hortik mugaldeko gailurren ikuspegi zoragarria dago. Gailurretik gertu, askak zizelkaturik dauzkaten harri batzuk ikus ditzakegu.

Hego nahiz hego-mendebaldera jaitsiko gara, aurre-gailurreraino; handik berebiziko basoa ikusiko dugu hegoaldera; hantxe ezkutatzen dira basurdeak eta beste basapizti asko; baso hori ia Yesaraino iristen da. Ezkerretara Erronkariko harana ikus dezakegu, eta eskuinetara Bidankozeko harana; haran hori Lazako mendateraino igotzen da, Otsagi eta Izabaren artean. Burgiren gainean dauden harkaitz izugarriak ere ikus ditzakegu bertatik. Gertuago, Lezerenako lepoa eta hara iristeko basoz estalitako gaina ikusiko ditugu; handik Argibel gailurrera igoko gara, ezkerretara.

Hortik, mendebaldera joko dugu, buelta hartuta, eta malda handi belazetsua jaitsiko dugu, zelaigune bateraino. Han harri multzoz seinalaturiko bide batek mendiaren ezkerreko aldetik eramango gaitu, gainalde bateraino, zuhaitz eta argiguneak tartekatuz; horietan bordak ikusiko ditugu, erdi erorita. Gainik gain jarraituko dugu, lepo zabal batera iritsi arte; han borda handi bat dago, teilaturik gabea, Laskornako borda hain zuzen. Bide zabal bat topatuko dugu, eta aurrera jo, dakargun norabide berean, hegoaldera, arrasto hori batzuei segika, Bidankotze aldera; ezkerretik beste bide bat dago, hasieran zabala, eta hurrena gero eta estuagoa. Arrasto horiek bide horretatik jarraitzen dute, haitz-muino batzuk eskuinetik inguratuz, beti ere baso artean eta aldaparik gabe. Bide horrek Lezerenako leporaino eramango gaitu.

][ LEZERENA LEPOA Altuera : 1960m Distantzia : 14.0Km Ordutegia : 4h30m

Lepo horrek lotzen ditu Erronkariko herri eta haranak (ekialdean) Bidankozerekin (mendebaldean); pista zabal batek zeharkatzen du. Inguruetako leku garbi bakarretakoa da, eta hantxe biltzen dira ehiztariak.

Pistara iristean, arrastoak galdu egiten dira. Pistan aurrera jarraituko dugu, Bidankoze aldera, baina 100 bat metrora beste bidexka bat hartuko dugu ezkerrera, baso batean sartzeko. Bidezidor bat dugu hori, ibilbidea laburtzeko. Berriro pistara irtengo gara, bidegurutze batera. Pista nagusia eskuinetara utzi, Bidankozera baitoa, eta aurrera jarraituko dugu, gora doan bide zabal bat hartuta. Laster, bidea utzi egingo dugu, hurrengo bidegurutzean ezkerrera jota. Arrasto zuri-gorri handiak ikusiko ditugu, Argibel gailurreraino eramango gaituztenak. Bide zabalak lursail hesitu bateraino eramango gaitu. Ertzetik, ezkerrera, bide estu bat ikusiko dugu; handik jarraitzen dute arrastoek. Hesia inguratuta, beste bide zabal batera iritsiko gara, eta hark beste lursail batera eramango gaitu. Hesiaren gainetik igaro, bordetaraino iritsi, eta eskuinaldetik jarraituko dugu; Argibel gailurra ikus dezakegu. Bidea ez dago oso ondo seinalatuta, baina tarteka badaude arrasto zuri-gorriak. Gailurrera iritsita, hegoaldera joko dugu, ezkerrera jarraitu, eta, belaze bat zeharkatu ondoren, gailurreko baso batean sartuko gara, Argibel gainera heltzeko; nahiko bide txarra dago.

p ARGIBEL Altura : 1203m Distancia : 16,5Km Horario : 5h30m

Gailur zorrotza da, eta harritsua; ia ez dago lekurik han egoteko, eta ikuspegia ere ez da handia, inguruetako zuhaitzek galarazten baitute. Hala ere, Belagoko harana eta aterpetxea ikusten dira. Oso leku gutxitatik ikus daiteke haran hori. Hegoaldean, baso zabalak ikusiko ditugu; haiek zeharkatu behar ditugu Burgira iristeko.Etorri garen bidetik atzera itzuli, mendi-lepoan zehar, eta hegoalderantz jaitsiko gara, bide zail samarrean, gertu dagoen beste lepo bateraino (1099 m); hantxe dago Borda de López deritzana, hondatua, Burgira eramango gaituen mendi-lerroko beste bordak bezala. Bidea baso itxian sartzen da; bidea zail samarra da, eta sasi artean jarraitu beharko dugu. Basotik irten eta hegoalderantz jarraituko dugu, beste mendi-lerro bateraino; han dago Borda de Diego deritzana. Pixka bat igo, eta Odietako zelaietara iritsiko gara.

][ ODIETA Altuera : 1050m Distantzia : 18,0Km Ordutegia : 6h00m

Gune zabal eta argia da, alde hartako bakarra. Handik inguruko basoak ikus ditzakegu, alde guztietara.Norabidea mendebalderantz aldatu, eta gain lurtsu batera igoko gara; handik aurrera eginez, beste mendi-lepo bat ikusiko dugu, borda eta guzti hura ere. Mendebalderantz jarraituko dugu, lepoaren pareraino, eta hantxe hegoaldera egingo dugu, Landarna bordara iritsi arte.

Bideari jarraiki, hurrengo gaina hartzera abiatuko gara (1064m). Basoan barneratu eta beste isurialdera jaitsiko gara, hegoalderantz, sastraka artean; ez da askorik ikusten. Eskuinera pixka bat hartu, mendebalderantz, eta hegoaldera doan bide bat jarraituko dugu, kanal batean zehar. Bidea gero eta argiagoa egingo da; beste borda baten ondotik igaroko gara; Maztuzarra deritza. Laster, bide zabal eta argi hori utzi, eta eskuinera doan beste bat hartu behar dugu; bide hori beste lepo batera doa, eta han ere borda bat dago, Borda de Miguel Angel deritzana. Lehen utzitako bideak borda hartara eramaten du behealdetik, baina irtenbide garbirik gabe.

Borda horretatik haran bat ikusiko dugu gure aurrean zabaltzen; haran hori Burgitik gertu dagoen errepideraino iristen da; dena dela, hego-mendebalean ikusten den mendi-lerrora bideratuko gara, bide arantzatsu bat igaro, eta lehen lepora iritsiko gara; aldamenetik igaroz ekialdeko aldetik, beste lepo batera joango gara. Orain ere gailurra inguratuz igaroko gara mendebaldetik; Ellakuria du izena gailurrak. Gero, behera egingo dugu, bideak mendebalderantz jotzen duen arte; han guk hegoaldera jo behar dugu, basoan dagoen beste borda bat ikusi arte. Bideari jarraituz, pixkanaka-pixkanaka basotik irtengo gara, zoru harritsu batera. Oso hurbil daukagu Burgi. Zoru harritsuan behera jaitsiko gara, soro batzuk topatu arte; hantxe ikusiko dugu Bidankotzeko errepidea. 500 bat metro egin, eta Burgin gaude.

lBURGI Altuera : 625m Distantzia : 25,0Km Ordutegia : 8h00m
Zaragozarekin muga egiten du herri nafar horrek, ekialdean.Eskailera itxuran antolatua dago, eta harrizko zoruak dituzten kaleak ibaitik San Pedro elizaraino igotzen dira. Burgiren itxuran gauzarik nabarienetakoa da sarreran daukan Erdi Aroko zubia, bidegurutze batean. Eska ibaiaren puntu horretan uharka bat dago, herriko jendeak bertan atseden hartu eta jolas egin dezan.