IBILBIDEAREN DESKRIPZIOA |
l TREBIÑO |
Altuera : 552m |
Distantzia : 0,0Km |
Ordutegia : 0h00m |

Trebiño
erditik abiatuko gara, eliza ondoko bide batetik, baratze batzuk inguratuz,
eta pista bat topatuko dugu, hilerrira doana. Handik, lehen gaztelua zegoen
muinoan gora doan bidea utzi (orain komunikazio-antena batzuk daude),
eta behera doan bidea hartuko dugu; bihurgune batzuen ondoren, Trebiñotik
datorren pista bat hartuko dugu.Ezkerrera joko dugu, iparralderantz, eta
hurrengo bidegurutzean aurrera jarraituko dugu. Aurreraxeago, pista utziko
dugu, eta ezkerrera doan bide zabal bat hartu; urtegi txiki baten hormaraino
eramango gaitu. Hara heldu aurretik, ezkerretara utziko dugu bertara doan
bidea, eta aurrera jarraituko dugu, urtegiaren ertzetik hurbil. Urtegia
inguratuz, iparraldera iristean, zubi txiki bat zeharkatuko dugu; urtearen
beste aro batzuetan ur azpian egoten da zubi hori. Zubia
igarota, eskuinera joko dugu,
errepidetik datorren pista bat hartuta, soro batzuk inguratuz; beste zubi
txiki bat igaroko dugu ur-erreten baten gainetik, eta iparraldera jarraitu;
Arrietako elizaren dorrea agertuko zaigu aurrean. Bideari
jarraituz, ezkerrera pista bat topatuko dugu (Arrietatik datorrena); hura
hartuko dugu, herriraino. Eskuinetik ere joan gaitezke, eta antzinako
bide zahar bat hartu, herriaren erdiraino iristeko.
Herritik iparralderantz
irtengo gara, lurrezko pista zabal bat hartuta; aurrez aurre ditugu Gasteiz
mendiak; haien ezkerretara, Zaldiaran mendatearen azpian, Doroñoko
etxeak ikus ditzakegu; hara joko dugu. Arrieta gailurraren azpian, eskuinera
doan bidea utzi, eta Ipar-mendebalderantz joko dugu, herriaren hegoaldean
dauden txalet batzuetaraino. Antzinako elizaraino igoko gara; iturri bat
eta garbitegi bat daude bertan.
|
lDOROÑO |
Altuera : 700m |
Distantzia : 7,0Km |
Ordutegia : 1h30m |
Doroñotik
eliza inguratzen duen bidea hartuta, hilerriko bidea eskuinetara utzi
eta gora abiatuko gara. Bidegurutze batean, erlauntzak daudela dioen abisua
ikus dezakegu; bidea ezkerretara utzi, aurrera jarraitu, eta laster ezkerrera
joko dugu, gora zuzen-zuzen, etxe batera doan bide zabala utzita. Bideak
basora eramango gaitu, eta handik beste bide zabal batera iritsiko gara
(mendiaren beste aldetik datorrena). Bide hori ezkerrera hartu eta, basoan
zehar inguruka, pixkanaka mendi-lepora iritsiko gara (goi-tentsioko kableak
pasatzen dira handik). Lapiedra mendatetik edo Zaldiaranetik datorren
bidea topatuko dugu; hura eskuinera hartu, eta mendi-lepora iritsiko gara;
Portillo del Reventón izena du, Mojón de la Sepultura mapa
topografikoan; Goi-tentsioko instalazioarentzako etxola bat dago han.
Gasteizko mendi-lerroan
gaude; iparraldera, Berrostegieta herria ikus dezakegu, eta urrunago Armentiako
zelaiak, Gasteizen. Ezkerretara, mendebaldean, bide bat ikusiko dugu,
Doroño (906m) gailurrera doana.
Guk ekialdera joko dugu,
berriro basoan sartuta; gora joko dugu arin, eta gainaldeko bizkarretara
iritsiko gara. Aurreraxeago, postontzi batera iritsiko gara, eta gailurraren
erpinera; eguberrietako jaiotza baten hondarrak ikus ditzakegu bertan.
|
p ARRIETAKO GAINA |
Altuera : 998m |
Distantzia : 10,0Km |
Ordutegia : 2h20m |
Gasteizko mendietako gailurrik altuena da mendebaldean. Altua izanik
ere, iparralderako ikuspegia pagadi sarri batek ixten du. Hegoaldean,
Trebiñoko ordeka ikus dezakegu, eta hura zeharkatzen duten mendi-lerro
txikiak. Ekialdean, oso hurbil, Rosteta gailurra daukagu, eta harantzaxeago
Gasteiz mendatea.
Ekialdeko bidea hartuko dugu, eta laster gara
goitik behera, jaitsiera malkartsuan. Bideak
hego-ekialdera egiten du, eta Arrietaetxepare mendi-lepora iritsiko gara;
basoan sartzen den bide bat utzi, eta alanbre-hesia nolahala zeharkatuta,
aurrera egingo dugu bide txiki bat hartuta; mendi-bizkar batera iritsiko
gara. Handik hegoaldera joko dugu, gainik gain, alanbre-hesira hurbildu,
eta haren ondotik jarraituko dugu; ia gailurrean, postontziaren ondoan,
hesiaren beste aldera igaro behar dugu. Rosteta gainean gaude (917 m);
handik ederki ikusten da hiriburua.
Jaisteko, hegoaldera doan bide txiki bat hartuko
dugu, haitz-ebakiaren ondoan; beheraxeago, beste bide bat topatuko dugu,
malkartsua; basoan zehar eramango gaitu lur zelai eta hondartsu batzuetara,
Gasteiz mendatetik hurbil. Mendate zaharrera iritsiko gara, eta handik
behera bide zaharra har dezakegu, berriz bide berria topatu arte. Mendatearen
beste aldetik behera jaitsi gaitezke, leku berera iritsiko gara eta.
|
][ GASTEIZKO
MENDATEA |
Altuera : 750m |
Distantzia : 13,0Km |
Ordutegia : 3h15m |
Gasteizeko
mendatea Gasteizko mendiek osatzen duten mendi-lerroaren pasabideetako
bat da. Mendate horretatik lotzen dira hiriburua eta Urizaharra (Peñacerrada);
Toloño eta Kantabriako mendien gerritik doa bidea, eta Trebiño
konderriko lurrak zeharkatzen ditu.
Puntu horretatik, mendi-lerroa utzi, eta hegoaldetik
iparraldera doan lerro bat hartuko dugu, eta handik Gasteiz inguruko zelaietara
iritsiko gara. Errepidea zeharkatu, eta beste aldean bide zabal bat hartuko
dugu, ekialderantz. Baso txiki bat igarota, baserri batzuetaraino jarraituko
dugu bidean. Bigarren baserrian, iparraldera egingo dugu, hango lurrak
zeharkatu y gora igoko gara, aldapan dagoen soro bateraino; eskuinaldetik
inguratu, eta, punturik altuenean, hesia zeharkatuko dugu langa batetik,
eskuinetara. Bide txiki batek gainik gain eramango gaitu, Lendiz gaina
jo arte.
|
p LENDIZ |
Altuera : 852m |
Distantzia : 14,5Km |
Ordutegia : 3h40m |
Gasteiz mendatea
eta hiriburua lotzen dituen lerroaren gailurrik altuena da Lendiz; hiriburua
ezin dugu ikusi hortik, iparralderago dagoen gailurrak, Kurutzmendi izenekoak,
ez baitigu uzten; harantz joko dugu, malkarrean behera jaitsita eta gero
Aztazuieta lepora joanda; han pista bat topatuko dugu, hurrengo gailurra
mendebaldetik inguratzen duena eta Gaztelu herrira doana. Guk
ez dugu jarraituko bide hori, eta zuzenean igoko gara iparralderantz,
hormigoizko bide bat hartuta, Kurutzmendi gailurreraino (801 m); gainean
antena dago. Gailurraren inguruan baso itxia ikus dezakegu, eta hark ikuspegia
kentzen digu. Antenaren etxolaren ondoan, alanbre-hesia zeharkatu eta
basoan zehar doan bide malkartsuan behera jaitsiko gara; handik pista
batera iritsiko gara, Gazteluraino joateko.
Elizaren ondotik, pista bat abiatzen da ipar-ekialderantz,
Olarizu gaineraino; gurutze berezi bat ikusten da bertan. Pistak zuzen-zuzen
eramango gaitu mendi biribilaren gerriraino; han beste bide txiki bat
hartuko dugu, eta handik gaineraino joango gara.
|
p OLARIZUKO
GAINA |
Altuera : 710m |
Distantzia : 18,0Km |
Ordutegia : 4h30m |
Gasteiz hiriburuaren
ikuspegi ederra ikusten da handik; inguruetako zelaiak eta Gorbeia, Anboto,
Elgea eta Aizkorri mendiak. Olarizu da Gasteizko gailurrik ospetsuena;
gasteiztar orok igo behar omen du, gutxienez bizitzan behin. Gailurrean
harrizko gurutze handi bat dago, 1952an egina. Mendiaren benetako izena
Krezmendi da, gurutzearen mendia alegia. Olarizu izena, berriz, iparraldera
Gasteiz ondoan dauden zelaiei ematen zaie; han, urtero, irailaren 12an
erromeria bero bat egiten da.
Gailurretik Olarizuko zelaietara jaitsiko gara
zuzenean, bide malkartsuan behera; Olarizuko barrutiko eraikinera eramango
gaitu bideak.
|
lGASTEIZ |
Altuera : 550m |
Distantzia : 20,0Km |
Ordutegia : 5h00m |
Vitoria-Gasteiz
mendebaldeko ordekan kokaturik dago, Villa Suso izeneko muinoaren gainean;
hantxe sortu zen Gasteizko herriaren lehen gunea. Nafarroako erregeak
eman zion hiri-forua XII. mendean, eta hasieratik hartu zuen parte anaiarteen
eraketan (kontzeju elkarteak ziren); anaiarte haien bidez parte hartu
nahi zuten Gaztelako Koroaren botere-egituran. Horri esker, berehala bihurtu
zen eskualde guztiaren gune nagusi, eta Araba osoaren hiriburu izan zen.
|