EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
5. SEKTOREA: IRUŅEA ... GASTEIZ AIZKARDI Mendizale Elkartea
4. ETAPA: ZUDAIRE ... OLLOGOIEN VILLABONA
     
     
RESUMEN DEL RECORRIDO

Urbasako mendien segidan datoz Lokizekoak, Ameskoa haranak bereizita. Lokizek lurralde zabala hartzen du, landarediz estalia; hegoaldean, Allin eta Lana haranak daude. Hegoaldea mugatzen duten amildegien ertzak zeharkatzea merezi duela uste dugu, eta horregatik bi etapatan egingo dugu ibilbidea. Lehen honetan, Barindanotik (Urederraren ondotik) igoko gara, eta, Lokiz gailurra jo eta gero, amildegiaren ertzetik joango gara Lokizko Santio baselizaraino, eta handik jaitsiko gara Allin haranera.

Oharra
Denbora atala ibil-denborei egokiturik dago, atsedenaldiak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia  
         
ZUDAIRE 572 0 0:00  
Barindano 564 0,7 0:10  
Lokiz - San Cosme baseliza 1116 7,0 1:45  
Aramendia Mendatea 1080 9,0 2:10  
Sartzaleta (vértice) 1109 10,0 2:30  
Portuzahar 1070 10,5 2:40  
Sartzaleta gaina 1055 11,0 2:45  
Santiago de Lokiz Baseliza 960 15,0 3:45  
Ganuza 595 17,0 4:15  
OLLOGOIEN 610 19,0 4:45  
         



IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
lZUDAIRE Altuera : 572m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m

Ameskoabarrengo burua da Zudaire, Urederraren jaiotza dagoen leku ederraren ondoan. Irigibel hotelaren ondoan, errepidearen ondoan, pista bat irteten da, soroak zuzen zeharkatuz, eta Barindano herri txikira eramango gaitu; Ameskoa haranaren irteeran, Lizarra aldera, gain batean dago, eta handik pasatu behar du Urederra ibaiak.

San Millan elizatik gertu eta herriaren erdira iritsi gabe, eskuinera pista bat hartuko dugu, eta laster goaz behera, Uiarra errekarantz (eskuinetara). Bihurgune batzuk eginez, beheraino iritsiko gara, eta han zubi bat topatuko dugu, erreka zeharkatzeko. Pistak bestaldean jarraitzen du, hego-ekialderantz. Hesi bat zeharkatu, eta harrizko pistan barrena jarraituko dugu, gorantz pixkanaka, eta, beste hesi zahar bat igarota, beste pista bat topatuko dugu, eta ezkerretarako jo; Manizaldaiarako bidea da. Gorenean, eskuinera jo, hegoaldera, eta alboko haranera jaitsiko gara, Odiko Sakana izenekora, eta han Lizarrako errepidetik igotzen den pista topatuko dugu.

Haraneko pistatik gora igoko gara, hego-mendebalderantz, baso itxian zehar, eta bidegurutze batera helduko gara; han, eskuinera jo, gorantz, eta Balsa de La Chola deritzana topatuko dugu. Txerriak hazten dituzten leku batean gaude. Pista aurrera doa; zenbait bidegurutze topatuko ditugu, eta beti ezkerretara joko dugu haietan, harik eta seinale bat dagoen bidegurutze batera iritsi arte (San Cosme seinalatzen du ezkerretara); aurrean dugun pistak Lokiz mendiak zeharkatzen ditu zuzenean, Raso de Biloria izenekoraino.

Ezkerrera jo, eta amildegi bat inguratuko dugu, La Pozaleta deritzana. Pistak bide bat uzten du aurrean, eta ezkerretik inguratuz jarraitzen du; aldapa gogorra igoko dugu, eta, basotik irtenda, leku zelai batera helduko gara; handik San Cosme gaina ikus dezakegu, basoz estalia, eta, ezkerretara, berriz, Urederrako zirkua. Bideak behera egiten du pixka bat, beste haran bat inguratuz (Adamakur), eta gailurraren ezkerretara dauden soilguneetara doa; Galdeano mendatera. Puntu horretatik, San Cosme eta San Damianen putzuaren eta iturriaren ondotik, bide zehatzik gabe, gailurrerantz joko dugu; aurrena, ezpel artean joango gara, eta gero pago artean, begi gailurrerantz; bidexka zenbait ikusiko ditugu, San Cosme eta San Damianen baselizara doazenak. Lokiz gaina eta gutunontzia goraxeago daude, eskuinetara.

pS.COSME BESELIZA Altuera : 1116m Distantzia : 7,0Km Ordutegia : 1h45m

Zuhaitzez estalitako gailurra da, eta ez da ezer ikusten. Lokiz gainak, punturik altuena denez, mendi osoari ematen dio izena, baina ezagunagoa da San Cosme izenez, ondoan dagoen San Cosme eta San Damian baselizagatik.

Baselizatik pago artean jaitsiko gara hegoalderantz, Muneta mendatera garamatzan bidean zehar; puntu horretan, seinale bat ikusiko dugu kartel batean. Ezkerreko bidea berriz basora doa, Allin haranera jaisteko; Allingo herriak dira Artabia, Galdeano, Muneta eta Aramendia. Eskuineko bideak Pozaletako amildegira eramaten du, eta handik gatoz. Guk aurrera joko dugu, hegoalderantz doan bide bat hartuta, Lisa izeneko zelaiak zeharkatuz; kontuz joan behar dugu, zeren, bidea beherantz hasten denean, utzi eta ezkerrera jo behar baitugu, bidezidor bat hartuta, Allin haranera begira dauden amildegietaraino. Puntu horretan, harripila egoten da, eta zuhaitzetan pintura gorrizko arrastoak ikusten dira. Orain basotik kanpora gabiltza, harri lauzen gainetik, ezpel artean. Zoruak uzten digun heinean, amildegiaren ertzetik joko dugu; beste une batzuetan, urrundu egingo gara, gora-behera arinekin, Aramendia mendatera iritsi arte.

][ ARAMENDIA MENDATEA Altuera : 1080m Distantzia : 9,0Km Ordutegia : 2h10m

Allin haranera sartzeko aukera ematen du, eta handik Lokiz mendira igotzekoa. Aramendiatik datorren bidea topatuko dugu, eta bide horrek Lokiz mendi osoa zeharkatzen du mendebaldetik ekialdera, Rasos de Biloria deritzan lekuraino. Ekialdean Allin haranaren ikuspegi ederra daukagu, Urederra ibaiak zeharkaturik, Egarekin bat egiten duen arte, Lizarran; ekialdean, orobat, Azantzako mendiak ditugu, eta hegoaldean labore soro zabalak, eta Montejurra hondoan, Iratxeko etxeen gainean.

Bide zabal hori zeharkatu, eta aurrera egingo dugu. Eskuinera doan pista ere utzi egingo dugu, Lokizko Santio baselizara baitoa zuzenean. Guk amildegien ertzetik jarraituko dugu, bidezidor txikiei jarraituz, behetik gora. Lurra zelai dagoen lekura iristean, eskuinera bilatu behar dugu, ezpel artean, erpin geodesiko bat, Sartzaleta gainekoa.

pSARTZALETA ERPINA Altuera : 1109m Distantzia : 10,0Km Ordutegia : 2h30m

Ezpel handi samarrez inguraturiko gailurra da. Erpinaren gainera igota, Lokiz mendia ikus daiteke, basoz estalia, eta iparraldean Larregoiko, Ameskoagoienen gainean.

Berriz ere, amildegien ertzeko bidezidorretara joango gara; leku batzuetan berebiziko hormak ageri dira, eta haietan saien habiak, eta haranerako ikuspegi zoragarriak. Laster gara haitzarte batean; bide zabal bat heltzen da hara, eskuinetik. Mendate Zaharra da, eta aldapa maldatsu batean zehar iristen da haranera. Guk ondoko gailurrerantz joko dugu, Sartzaletara (1054 m); han, burdinazko egitura bat ikusiko dugu, piramide itxurakoa, plaka batekin. Ganuza herrira berebiziko ikuspegia dago, irtengune izugarri baten azpian.

Amildegiaren ertzetik jarraituko dugu, harkaitzezko irtengune horretara iritsi arte (haranean aurrera sartzen da, eta beste aldetik Puerto Nuevo izeneko behegunera iristen). Puntu horretan, amildegien ertzetik jarraituko genuke, mendizale trebeek bezala, Zologorri gailurrak hegoaldetik inguratuz, eta izen bereko amildegian behera jaitsiko gara, eta handik Ganuza mendatera; baina landare sarri dago eta zaila da ibiltzea; hobe dugu iparraldera jo, Zologorriren bizkarra inguratzen duen bidezidor txiki bat hartuta, eta landare sarrien artean behera jaitsiko gara, Aramendiako bidea topatu arte.

Ezkerrera jo, Lokizko Santio baselizarantz (aurrez aurre daukagu, Sardegi gainak pixka bat ezkutatuta). Bidegurutze bat topatuko dugu; ezkerrera jo, eta beste bidegurutze batera helduko gara, eta han Ganuza mendaterako seinalea ikusiko dugu, ezkerretara. Bide hori utzi, eta aurrera egingo dugu, Lokizko Santioko baselizaren belazeetaraino.

l SANTIAGO DE LOKIZ Altuera : 960m Distantzia : 15,0Km Ordutegia : 3h45m

Lokizko Santio baseliza hori XIII. mendekoa da, eta lehen San Cucufat (santu katalana) izena zuen; urtero San Migel egunean hantxe biltzen ziren bailarako 25 herrietako ordezkariak; LOS DIECES deitzen zieten. XVII. mendetik aurrera, Santio egunean ere biltzen hasi ziren, eta hartatik hartu zuen gaurko izena baselizak.

Oso hurbil, hegoalderantz, Sardegi (969 m) gaineko gutunontzia ikus daiteke.

Baselizatik, Alllin haranera jaits gaitezke, hainbat bidetatik: atzera itzulita, eta Ganuza mendateko bidea hartua (merezi du, ikusgarria baita); edo, bestela, hego-ekialderantz jarraituta, bide zabalean, Ollogoien mendateraino. Gainera, beste bide bat ere bada, harkaitz tarte batean behera (Ollobarren leizea), baina azken hori hurrengo etapan egingo dugu; beraz, beste bietako bat hartuko dugu.

Ganuza mendatean behera jaisteko, atzera joko dugu, bidegurutze bat topatu arte, eta gero hegoalderantz egin. Bidezidor bat ezkerretara jaisten da, Zologorri amildegira; eskuinera joko dugu, Ganuza mendateraino. Harrizko bide maldatsu bat jaisten da sigi-saga Sardegiko amildegietan behera. Haitzak igarota, harrizko bidea basoan sartzen da, eta zabalagoa eta erosoagoa bihurtzen. Denbora gutxian, Ganuzako udal ur-biltegietara iritsiko gara.

Herria zeharkatu, eta errepidea hartuko dugu; herriko irteeran, eskuinera doan bidea hartuko dugu, Santa Eulalia elizaraino, eta han beste bide bat hasten da, Ollobarren herrira doana. Bide hori hartu, Sardegiko amildegien azpitik, eta makal-baso baten ondoan dagoen bidegurutze bateraino joango gara. Ezkerretara utziko dugu Ollobarrenera doan bidea (herria mendi-bizkar batek ezkutatzen du ezkerretara), eta aurrera jarraituko dugu, bide zabalean zehar; kilometro bat eginda, Ollogoienen gaude.

Santio baselizatik eta Ollogoien mendatetik behera jaisteko, baselizaren ondoan abiatzen den bide zabala hartuko dugu, hego-mendebalderantz (eta gero hegoalderantz), harik eta Urarana amildegietara iritsi arte, Ollogoien herriaren gainean. Hego-mendebalderantz jarraituko dugu pistaz, eta bihurgune batean ezkerrera jo eta pista utzi egingo dugu, bidezidor bat hartzeko, mendiaren gerrian behera; Valdelana du izena bide horrek, Lana haranera daraman bidea baita; Biloria herrira, zehazkiago. Bide horrek Ollogoieneraino eramango gaitu

lOLLOGOIEN Altuera : 610m Distantzia : 19,0Km Ordutegia : 4h45m
Allin haraneko herri txiki bat da, ondoan dagoen Metauten-en auzo. Haran osoa bezala, nekazaritzatik bizi da gehienbat; zainzuriak lantzen dituzte, eta batik bat boilurrak (oso leku gutxitan aurkitzen den onddoa, hain zuzen), goi-mailako sukaldarien gutizia.