IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA |
lBASTIDA |
Altuera : 640m |
Distantzia : 0,0Km |
Ordutegia : 0h00m |

San Ginés
baselizaren inguruan egin duten parketik abiatuko gara, Bastidatik 2 kilometrora,
eta aparkalekutik ezkerretara irteten den pista bat hartuko dugu, Toloño
aldera. Pista zabala da, Toloñoko mendiak inguratzen dituena ezkerraldetik.
Pistan aurrera jarraitu, zelai, ipar-mendebalderantz, eskuinetara doan
pista bat utzi, eta ezkerrera jarraituko dugu, beste bidegurutze batera
iritsi arte; Salinillas 5Km ipintzen du han. Eskuinetik jarraituko dugu,
iparralderantz, Toloñoren mendebaldea inguratuz, Peñas Caídas
izeneko haitz-mutur baten azpitik. Pistak ipar-mendebalderantz egiten
du berriro; eraikuntza zahar baten ondotik igaroko gara bihurgune batean,
eta ezkerretara eta eskuinetara irteten diren pistak utzita, biderik markatuenari
jarraituz, mendebaldetik datorren bide zabalago batera iritsiko gara;
Salinillas de Buradón herritik datorren bidea da, ezkerraldetik;
Toloñoraino doa bide hori, gure eskuinetara. Bide
hori zeharkatu eta aurrera jarraituko dugu, iparralderantz, S. Cristóbal
gailurra inguratuz, larrain baten ondora heldu arte. Handik, bideak behera
egiten du, eskuinetara, ipar-ekialderantz, Berganzo herriraino.
Bidea utzi, eta larrainera
sartuko gara, hegoaldeko ertzetik (gure ezkerrera geratzen da) aurrera.
Iparraldeko ertza gertuena ikusten dugun lekuan, larraina zeharkatuko
dugu iparralderantz, eta pista bat topatuko dugu, ipar-mendebaldera doana,
ur-putzu baten ondotik. Pistan behera jarraitu, eta bidegurutze batera
iritsiko gara; eskuinera jo eta errepide bat topatuko dugu, Salinillas
de Buradón (hegoaldean) eta Ozio (iparraldean) lotzen dituena.
Errepidean behera jarraitu, eskuinera, eta bidegurutze batean, bide bat
hartuko dugu, aurrera, Ozioraino.
|
lOZIO |
Altuera : 525m |
Distantzia : 9,5Km |
Ordutegia : 2h00m |
Inglares ibaiak
bustitako herria; gorenean, gaztelu bat dauka, Lanos haitz malkartsuaren
gainean, hegoaldean. Gaztelu hori, Portillakoarekin batera (Txulato gailurraren
beste aldean dago hau), haranaren babes estrategikoak izan ziren.
Oziora
iritsita, plaza nagusira joan gabe, errepide txiki bat hartuko dugu, hilerrira
eramango gaituena. Handik pista bat irteten da, eta laster bitan banatzen.
Ezkerreko bidea utzi, eta aurrera egingo dugu; ehun bat metrora, pista
utzi, ezkerrera jo, bide txiki batetik (gutxi nabarmendua dago), eta iparraldera
egingo dugu, Txulatoren alde haiztsuaren hormarantz. Haitz-muino bat inguratu
ezkerretik, eta malkarrean gora igoko gara, haitz-hormaraino iritsi arte.
Hantxe amaitzen da bidea;
Txulatoren alde honetan ez genuen beste biderik topatu, hara igotzeko
bide guztiak iparraldetik baitoaz. Guk alde horretatik jo nahi genuenez,
sastraka artean bide estu bat ireki genuen, zuzen-zuzen, sua eteteko bideek
bezala, eta Txulato leporaino eraman gintuen.
Beraz,
Haitz-horma igaro, haitzetan gora, eta iparraldera joko dugu, leku garbienetik
igotzeko guk geuk jarri genituen harri-pilei jarraituz. Aldapa oso malkartsua
da; aldean dagoen haitz-hiruki baterantz goaz. Haraino heldu gabe, eskuinera
joko dugu, hesola handi bat topatu arte (ehizarako mugaren bat seinalatzeko
izango da, seguru asko). Puntu horretan, mendebaldera egingo dugu, eta
bizkarra ezkerretik inguratuko dugu, lepora heldu arte; han bide txiki
bat topatuko dugu, Txulatoko mendiak lotzen dituena. Ezkerrera jo, eta
haitz baten oinera iritsiko gara; eskuinetara sua mozteko bidea ikusiko
dugu (Reajo haranetik datorrena); hori da Txulatorako bide ohizkoa. Handik
jaitsiko garenez, motxilak bertan utzi eta gailurrera arinago igo gaitezke.
Gailurra hegoaldetik inguratzen duen bidea hartu, eta handik erpin geodesikoa
ikusiko dugu; gaina minutu gutxitan harrapatuko dugu.
|
p TXULATO |
Altuera : 946m |
Distantzia : 12,5Km |
Ordutegia : 3h20m |
Gailur estua da, landare ugariz estalia, eta mendebaldean gailur
harritsu bat dauka; inguru guztia zaintzen du. Oinean, Ozio eta Portillako
gazteluak daude, haranak babesten dituzten eraikinak. Ikuspegi ederra
dago Toloñoko mendietara eta Mirandako zelaietara, hegoaldera,
eta iparraldera, berriz, Gasteizko mendietara eta Trebiñoko konderrira.
Txulato eta Moraza gaina lotzen dituen mendi-lerroa, Urizaharra gainetik,
Kantabriarekiko paralelo dago, eta oso ondo ikusten dira hango gailur
handien ertzak.
Motxilak utzi ditugun mendi-lepora jaitsiko gara
berriro, eta iparraldean behera joango gara, sua mozteko bide malkartsuan
behera. Reajo haranaren hondora iritsi aurretik, eskuinera joko dugu,
pista bat hartuta (mendiaren iparraldeko aldea zeharkatzen duena). Mendi-lepotik
gertu, amildegiaren punturik altuenean, ezkerrera jaitsiko gara, haranaren
hondoko pista topatu arte, GR-1 bide historikoa bita banatzen den puntuan
(bide hori Portillatik dator). Eskuinera hartuko dugu, ekialderantz, bide
zabalean; bide horrek Txulato mendi-lerro guztia inguratzen du, goi-haranetik.
Peña Hueca inguratuz jaitsiera gogor bat egin ondoren, Berganzora
igotzeko bidegurutzera iritsiko gara; Berganzo herria hegoaldean dago,
Ozio eta Urizaharretik erdibidean.
Berganzora
jaisten den bidea eskuinetara utzi, eta pistan gora egingo dugu, 180 graduko
bihurgune batera iritsi arte. Han, ezkerretara doan bide zabal bat hartuko
dugu, soroetan barrena, eta mendi-lepo zabal batera eramango gaitu, Escudilla
izenekora, 806 metrora, Trebiñoko konderriaren mugan. Larrain batean
gaude, biderik gabe. Ekialdera joko dugu, haranerantz, eta berehala bide
estuak ikusiko ditugu; beti ere norabide berean jarraituko dugu, ezkerretara
dugun basoaren ertzera hurbilduz. Haranaren hondoan, bide zabal lasai
bat topatuko dugu, eta ezkerrera joko dugu, iparraldera. Basoan behera
jaitsi, eta bidegurutze bat topatuko dugu; ezkerreko bidea galsoro batera
sartzen da. Handik joko dugu, galsoroa zeharkatu, eta beste aldean bideak
jarraitzen duela ikusiko dugu; handik behera jo, eta Villanueva de Toberara
doan pista aurkituko dugu, eskuinetara, (ezkerretara, Toberara doa). Eskuinera
jo, soroen ertzetan barrena, igoera eta jaitsiera arin batzuekin, eta
zuzenean Villanuevaren erdigunera eramango gaitu.
|
l VILLANUEVA
DE TOBERA |
Altuera : 560m |
Distantzia : 21,0Km |
Ordutegia : 6h00m |
Trebiño
konderriko herri arabarra, Rojo ibaiaren urek bustia. Cerro mendi-lerroa
garbi ikusten da herritik, iparralderantz, eta hara joko dugu, soro zabalak
zeharkatuz.
Herriko plazatik errepidean ezkerrera joko dugu,
mendebalderantz, Santurde eta Mijancas aldera; metro gutxi barru, pista
zabal batera sartuko gara, eskuinera, iparralderantz. Kilometro bat edo
egin, eta bidegurutze bat topatuko dugu. Eskuinetara pistan aurrera jarraituz
gero, Karicedo mortura joan daiteke, baina gu larrainetan zehar joango
gara. Bide gurutzean, aurrera jo eta larrain batera helduko gara; eskuineko
ertzetik inguratuko dugu, irten arte. Bide
estu batean aurrera jarraituko dugu, beste larrain baten ertzetik, eta
Karicedoko hondakinak ikusiko ditugu; bideak bi soro elkartzen diren gune
batera eramango gaitu; eskuinera jo, eta beste bide bat topatuko dugu,
Karicedotik Cerro mendi-lerrora doana.
Bidea zabala da, eta gerriraino igotzen da, bigarren
mailako gailurrak alde batera utziz. Berehala, su-ebaki edo sua mozteko
bide bat topatuko dugu ezkerretara; hor, bidea goitik behera abiatzen
da. Ezkerrera jo, eta bide estu bat hartuko dugu, harri-pila batek seinalatua;
baso batean sartuko gara. Bide hori galtzen ari dela ematen du, leku askotan
zikina baitago, eta zaila egiten baita askotan aurrera egitea, baina pixkanaka
gure helburura eramango gaitu. Mendi-lepora helduko gara, eta han Trebiñotik
datorren pista topatuko dugu; hura hartu eskuinera, eta Cerro gailurreko
etxola ikusiko dugu handik. Iritsi aurretik, inguruko harrietan egindako
arte herrikoia ikus dezakegu.
|
p CERRO |
Altuera : 901m |
Distantzia : 25,0Km |
Ordutegia : 7h00m |
Mendi-lerroko gailurrik altuena
eta ekialdekoena da; Rojo ibaiaren eta Ayuda ibaiaren lurrak banatzen
ditu mendi-lerroak, eta denen artean Trebiño konderriko mendebaldea
osatzen dute. Gailurrean suteak zaintzeko dorre bat dago; hortik atera,
zer nolako ikuspegia egongo de handik konderriko lurretara eta urruneko
gailurretara.Gailurretik sua mozteko bidean behera jaitsiko gara, iparralderantz,
eta malkarrean behera mendi-lepo zabal batera iritsiko gara; eskuinera
Dordóniz mortura jaisten da. Guk ezkerrera joko dugu, iparralderantz,
eta handik Trebiñoko etxeak ikusiko ditugu, garbi asko; komunikazio
antenaz beteriko bizkar baten oinean dago herria. Pistei jarraituz, erraz
iritsiko gara Ayuda ibaiaren ertzeko lehen etxeetaraino.
|
lTREBIÑO |
Altuera : 552m |
Distantzia : 28,0Km |
Ordutegia : 8h00m |
Antzinatik
ezaguna da gune hori; Burdin Aroko hondakinak aurkitu dira bertan, Erromatarrak
ere izan ziren, Pamplona (lehenagotik Iruñea) sortu aurretik han
ibili ziren. Hizkuntzalariek diotenez, Trebiño izena latinetik
dator, Trifinium: hiru eskualde edo herriren muga; Caro Barojak dio hiru
herri horiek barduluak, karistioak eta autrigoiak zirela, gaurko euskaldunen
jatorria. Eskualde guztia Ayuda ibaiak bustitzen du; inondik ere, ibai
eta uda euskal hitzen elkarketatik dator Ayuda hitza.
Gaurko konderriaren
jatorria Erdi Aroko jaurerri zaharretatik dator; denbora laburrez Arabako
Anaiartean egon zen, baina kondeen interesek konderria atera egin zuten
foru-erregimenetik. 1833an egin zen lurralde banaketan, lur horiek Arabatik
kanpo utzi zituzten, eta ondoko probintziari atxiki, Burgosi; Logroñori
atxikitzekotan ere ibili omen ziren.
Hiria mendi-bizkar
baten oinean eraikia dago; mendian gaztelu bat zegoen, babesgarri. Zumalakarregi
jeneralak suntsitu zuen gaztelua. Kondeek herrian bertan egin zuten jauregia;
erdi eroria badago ere, ondoen dagoen zatian eraiki dute gaur egungo udaletxea.
|