EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK UZTARTUZ 2003-2004-2005
       
7. SEKTOREA: BILBO ... DONOSTIA AIZKARDI Mendizale Elkartea
1. ETAPA: BILBO ... BALZOLA VILLABONA
     
     
IBILBIDEAREN LABURPENA

Mendilerro bati jarraitzearren, etapa hau Arrigorriagan hasiko dugu, Bilbotik gertu, Nerbioi ibaiaren alboan. Artanda, Mandoia eta Apario mendiak igaroko ditugu, Arratia bailarara iristeko, Igorre eta Lemoa artean, eta handik Dima bailarara joango gara, Aramotz mendien gerrian dauden auzoetatik barrena. Etaparen amaiera leku entzutetsu batean egingo dugu, Baltzolan; hango leizeak ezagunak dira historialarien, espeleologoen eta eskalatzaileen artean.

Oharra
Denbora atala ibil-denborei egokiturik dago, atsedenaldiak kontuan hartu gabe.


  Altuera Km Ordutegia  
         
ARRIGORRIAGA 56 0 0:00  
La Mota 345 1,5 0:30  
Artanda 554 2,5 0:50  
San Segismundo Baseliza 410 4,0 1:10  
Axolako lepoa 370 4,5 1:20  
Irumugarrietako lepoa 492 7,5 2:00  
Mandoia 634 9,0 2:20  
Arantzabaltzeta 480 10,0 2:30  
Kortako lepoa 270 11,5 2:55  
Lemoa-Igorre errepidea 270 11,5 2:55  
Urkizu Auzoa - IGORRE 76 17,0 4:10  
Garaimendi Auzoa 300 19,0 4:45  
San Antolin Baseliza 335 19,5 4:50  
Elgetzu Auzoa 210 21,5 5:15  
Biteriño Auzoa 260 23,0 5:35  
Artaun Auzoa 350 24,0 5:50  
Oba Auzoa 315 26,5 6:20  
BALZOLA 440 28,5 6:50  
         


IBILBIDEAREN NONDIK NORAKOA
l ARRIGORRIAGA Altuera : 56m Distantzia : 0,0Km Ordutegia : 0h00m


Arrigorriaga Bilbotik gertu dagoen herri bat da, Nerbioi ibaiaren ertzean. Izenaren jatorria borroka odoltsu bati zor dio; garai batean Padura deitzen zioten leku horri. Hain odoltsua izan zen borroka, non inguruko haitz guztiak gorriz tindatu baitziren.

Ibaiaren eskuinetik abiatuko gara, BI-625 errepidearen alboko industriagune batetik; hodi handi bat ikusiko dugu, mendian gora doana, eta haren azpitik abiatuko gara. Hodiaren ondoko bide txiki bat hartu, eta borda bateraino igoko gara. Han, hodiaren bestaldera igaro, eta ezkerrera pista bat hartuko dugu, baina, basora sartzean, berriro ere maldan gora joango gara, berriz hodia topatu arte. Hodiaren ondotik jarraituz, etxola batera helduko gara, eta pista bat ikusiko dugu. Burdin hesi bat igaro, eta pistan aurrera jarraituko dugu, aurreneko gaina hartu arte; La Mota deitzen diote, eta antena bat dago bertan. Handik ipar-mendebaldera, Bilbo handia ikus dezakegu. Hego-ekialdean, Artanda gainetik bereizten gaituen lepoa ikus dezakegu, eta haraino iristeko aurrean daukagun malda.

Pixka bat jaitsi, eta mendi-lepora iritsiko gara; han, pista bat ikusiko dugu, baina alde batera utzi eta gainik gain jarraituko dugu, malda gogorreko bide batean gora. Laster joko dugu gaina; gailurreko erpin geodesikoa ikus dezakegu aurrean; azken ahalegin bat, eta goian gara.

pARTANDA Altuera : 554m Distantzia : 2,5Km Ordutegia : 0h50m

Gain hori garbia da, eta Bilbo ederki ikusten da, eta eskualde guztia ere bai ipar-mendebaldean. Hegoaldean, Ugao harana eta Zeberio. Ekialdean, igaro behar ditugun mendiak, Mandoiaraino; bidea pinudi artean dago, gailurreraino. Norabideen mahai batek inguruetako lekurik garrantzitsuenak seinalatzen dizkigu.

Gailurretik jaisteko, bide zabal bat hartuko dugu, pista bateraino iritsi arte, eta handik pinudi batera sartuko gara. Aurrera jarraitu, eta aisiagune batera iritsiko gara; San Segismundoren baseliza dago bertan, eta erromeria asko egiten dira han. Pinudian barrena, pista bat jarraituko dugu hegoaldera, arrasto txuri-horiei jarraituz, bidegurutze batera iritsi arte; han, idatzi bat ikusiko dugu, Mandoia seinalatuz. Axola lepotik gertu gaude; lepo horrek lotzen ditu Burbustu (iparraldean, Zaratamo ondoan) eta Uriondo (hegoaldean, Ugao auzoan).

Idatziak seinalaturiko bidetik joko dugu, ekialdera, eta lurrezko pista batean dauden arrastoei jarraituko diegu, Iduriren iparraldetik. Bidea gora doa, Irumugarrieta leporaino; han, pisten bidegurutze bat ikusiko dugu; hegoaldean, Zeberio; iparraldean, Bedia. Aurrera jarraituko dugu, berehala iparrera jotzen duen pista batetik; gero, ipar-ekialderantz, Belatze gailurra inguratuko dugu, Mandoiaren alboan. Eskuinetara dagoen bide bat utzi (Etxazo auzora jaisten da, Zeberioko auzoa bera), eta ezkerrera igoko gara, pago eta haritz gazteak landaturik dauden lurretan barna. Laster gara alanbre-hesi baten parean; gorenean, Mandoia. Alanbre-hesiaren bestaldean daude erpin geodesikoa eta gutunontzia.

p MANDOIA Altuera : 634m Distantzia : 9,0Km Ordutegia : 2h20m

Mandoia da mendilerroko hurrengo gaina; mendilerro horrek bereizten ditu Nerbioi ibaiaren harana, mendebaldean, eta Arratiakoa, ekialdean. Gailurrak mendebaldera ikuspegia itxirik du, pinudi batengatik, baina ekialdera, malkar batek ebakia, Arratia eta Igorre aldea ikus ditzakegu, eta atzerago Aramotz mendiak.

Bidezidor batean behera jaitsiko gara, malda gogorrean, pista batera iritsi arte, pinudi baten ondoan. Pistan aurrera jarraitu, eta Arantzabaltzeta lepoaren bestaldera iritsiko gara, eta, pista eskuinetara jaisten hasten denean, burdin hesia zeharkatu, eta iparraldeko maldan behera jaitsiko gara, basoan bide txiki bat topatu arte; behera jaitsiko gara, bide malkartsuan. Basoan barrena, hainbat bide hartuko ditugu, betiere ipar-ekialderantz, harik eta harrizko pista batera iritsi arte; hark Korta lepora eramango gaitu. Igorretik igotzen da hara, eta borda bat dago bertan.

Bordaren ondoren eskuinetara dagoen lehen pistak Igorrera eramaten du. Guk hurrengoa hartuko dugu, Larrazuri mendebaldetik inguratzeko, Apario lepora bidean. Santa Kolomako bidegurutzean, pista utzi, eta eskuinera joko dugu, bidezidor batean zehar; pinudi batera sartu, eta mendien bizkarrera igoko gara, eta gainik gain jarraitu hego-ekialderantz. Basoaren soilgune batean, ipar-ekialdera jaitsiko gara, lehen utzitako pista berriro hartzeko. Pisten gurutze bateraino jarraitu, eta, bi aldeetakoak utzirik, erditik joko dugu, belarrez estalitako bidean zehar, Aparioko harrobira iristeko, gerria inguratuz; beherago, zaborzulo kirastsu bat dago. Inguratuz jarraituko dugu, pixkana jaitsiz, harik eta errepide batera hurbildu arte; hara jaitsiko gara malkarrean behera.

Lemoa eta Igorre arteko errepidera iritsiko gara, Bizkaiko Aldundiaren baskula baten ondora. Errepidean aurrera Lemoarantz jo, ezkerrera, eta, 300 bat metro egin ondoren, kristal islatzailez estalitako bulego-eraikin bat igarota, eskuinera hartuko dugu bidegurutze batean, Urkizu auzorantz; Igorreko auzoa da hori.

l URKIZU auzoa - IGORRE Altuera : 76m Distantzia : 17,0Km Ordutegia : 4h10m

Auzotik irteteko, ezkerrera joko dugu errepidetik, azken baserrietaraino, harrobi txiki batetik gertu. Garbitegi bat ikusiko dugu.

Ipar-ekialdera jarraituko dugu, asfaltoa utzi, eta pista batean zehar, bide zabalean, iparraldetik Aginagane gailurra inguratuz; eskuinetara geratuko zaigu mendi hori. Haranean gora, baso itxian, batzuetan malkar gogorrak topatuko ditugu, baserri batzuetara iritsi arte; Garaimendi auzoan gaude, eta berriro errepidea topatuko dugu.

Errepidean eskuinera jota irtengo gara auzotik, hegoaldera, leize bateraino (eskuinetara dago); han, bide bat ikusiko dugu ezkerretara; handik jo, alanbre-hesi bat zeharkatu, eta San Antolin baseliza ikusiko dugu ezkerretara. Eskuineko bidea hartu, ermitara doana utziz, eta hurrengo bidegurutzean aurrera egingo dugu, ur-biltegi bateraino. Bidea hor bukatzen dela dirudi, baina pista berri batean jarraitzen du; aurrerago estutu egiten da, eta berriro ere bide zabal batera eramango gaitu; han, eskuinera jo, eta laster helduko gara berriz errepidera. Loite auzoan gaude.

800 bat metro egingo ditugu errepidez, Elgetzu auzora iritsi arte; ezkerretara bidegurutze bat ikusiko dugu, bihurgune batean. Asfaltozko bidean aurrera jarraituko dugu, Biteriño baserrira arte, Dimatik Artaun auzora doan bidean. Erepidez egingo dugu beste kilometro bat, auzoko lehen etxeetara heldu arte.

lARTAUN auzoa Altuera : 350m Distantzia : 24,0Km Ordutegia : 5h50m

Dimako auzoa da, eta Aramotz mendiaren oinean dago. Pagozelai eta Urtemondo gainetara igotzeko abiaputua da.Auzo horretatik abiatuko gara, hegoaldera doan errepidean, Eguriotz auzora iristeko, eta han eskuinera joko dugu, bide zabal bat hartuta, eta handik errepide batera helduko gara, Oba auzora bidean. 600 bat metro errepidez egin, eta, Obako plazara iritsi baino lehen, errepidea utzi, eta aurrera jarraituko dugu, txalet baten azpitik. San Lorentzo baseliza dagoen lepoa hegoaldera dago, pinudi sarrien artean ezkutatuta. Hurrengo bideak eskuinetara hartuko ditugu, erreka zeharkatu, eta bide zabal bat hartuko dugu, basoan gora, aldapa gogorrean. Malda arintzean, San Lorentzo baselizara helduko gara; atsedenleku bat da, platanondoz inguratua. Mendi-lepotik gertu, Balzolako etxeak daude.

lBALZOLA Altuera : 440m Distantzia : 28,5Km Ordutegia : 6h50m

Jentilzubi haitzarteagatik eta bertako leizeagatik da ezaguna Balzola, batez ere. Haiek ez daude auzoan, berez, beheraxeago baizik, Indusi ibaiaren haranean, Balzolamendi eta Garaio mendien artean; bi horiek Ugatza mendilerroaren azken gailurrak dira; aldi berean, Ugatza Eskuagatx mendilerroaren adarra da.

Azken zatian ibili ditugun auzo guztien buru Dima edo Ugarana da; haranaren sarreran dago, Igorretik gatozela. Haranak iparraldean Aramotz mendilerroa dauka, ekialdean Eskuagatx. Hegoaldean, berriz, Arratiako harana, eta Zeanuri, Gorbeia handiaren azpian.